Euskal Astearean barruan, bertsolari gazteen Lizardi saria antolatu dute aurten ere Motxian Etxebeltz bertsoguneak eta Zarauzko Udalak. Aurtengoan urteurren borobila beteko du txapelketak, jokatuko duten 50. aldia izango baita, baina horretaz aparte, azken urteetako dinamikari eta funtzionamenduari eutsiko dio ekitaldiak. Hamasei bertsolarik parte hartuko dute, eta lehenik eta behin, bi kanporaketa jokatuko dituzte, zortziko multzotan banatuta. Kanporaketa bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera, eta gainerako lau txartelak puntuazio onena lortzen dutenek eskuratuko dituzte.
Bi kanporaketak Santa Klara komentuan egingo dituzte ostegun eta ostiral honetan, 22:00etan hasita, eta sarrera doakoa izango da bi egunetan. Osteguneko kanporaketan hurrengo bertsolariak igoko dira oholtzara: Araitz Katarain mallabitarra (Bizkaia), Bittor Altube abadiñarra (Bizkaia), Kattalin Lizarraga leitzarra (Nafarroa), Haizea Arana eskoriatzarra (Gipuzkoa), Julene Iturbe azkoitiarra, Amets Aizpurua getariarra, Uxue Alkorta zarauztarra eta Maddi Aiestaran beasaindarra (Gipuzkoa). Aimar Sorazu ariko da gai jartzaile.
Ostiralean, berriz, hurrengo hauek ariko dira bertsotan: Adei Urbitarte zarauztarra, Eki Mateorena leitzarra (Nafarroa), Haira Aizpurua sararra (Lapurdi), Mikel Etxezarreta olaberriarra (Gipuzkoa), Martin Abarrategi aramaioarra (Araba), Suhar Gesalaga azpeitiarra, Irantzu Idoate hazpandarra (Lapurdi) eta Ekain Tolaretxipi hernaniarra (Gipuzkoa). Maite Aizpuruak jarriko dizkie gaiak.
Finala, ohi bezala, Modelo aretoan jokatuko dute. Irailaren 4an izango da, 22:00etan. Saiorako gonbidapenak finala baino ordubete lehenago eskuratu ahal izango dira aurten ere, doan, aretoko txartelegian. Aizpuruak gidatuko du finaleko saioa eta hark jarriko dizkie gaiak azken txanpan ariko diren sei bertsolariei.
Era berean, Getariako bizilagun Uxue Alberdi bertsolari eta idazle elgoibartarrak 42. Basarri bertsopaper saria jasoko du finalean, Autoan bertso sortari esker. Orain arte irabazleak saria Bertso Astean jasotzen bazuen ere, aurten data aldatu egin dute.