ZKE Halterofiliako Lide eta Lore Mendizabal ahizpek izugarrizko balentria egin dute azken asteetan Kosovon jokatutako Europako Halterofilia Txapelketan. 17 urtez azpiko txapelketan lehiatu dira biak ala biak, eta emaitza bikainekin etxeratu dira: Lidek hirugarren postua eskuratu du, brontzezko domina poltsikoratuz, eta Lore zortzigarren sailkatu da.
Lide 57 kilo azpiko kategorian lehiatu da. Zarauztarrak 163 kiloko guztizko marka ikusgarria lortu du: 70 kilo altxa ditu abiadan, eta 93 kilo bi denborako proban. Bi denborako saioan maila bikaina erakutsi zituen Lidek, saiakera guztietan pisua gehituz: 85 kilo lehenengoan, 90 kilo bigarrenean, eta 93 kilo hirugarren eta azken saiakeran, bere marka pertsonal onena ezarriz.
Lorek, berriz, 53 kilo azpiko kategorian jokatu du. 140 kiloko guztizko marka ebatzi du: 60 kilo abiadan, eta 80 kilo bi denborako proban. Emaitza sendo horri esker, Europako zortzigarren postuan amaitu du bere lehen nazioarteko txapelketan.
ZKE Halterofiliaren hitzetan, "Lore eta Lide ahizpen arrakasta ez da kasualitatea, Zarauzko klubeko harrobiaren lan jarraituaren erakusgarri zuzena baizik". Azken bi urteetan, ZKE Halterofiliako sei kirolari lehiatu dira nazioarteko txapelketetan, "klubaren egituraren sendotasuna eta lehiaketa mailaren goranzko joera berretsiz".
