Ainhoa Urteaga izango da etzi Arranopolan

Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 25a

Ainhoa Urteaga. (Utzitakoa)

Aurtengo Arranopola kultur egitasmoko bederatzigarren eta azken kontzertua izango da etzikoa, eta Ainhoa Urteaga zumaiarra igoko da Arranoko terrazako agertokira, 20:00etan.

Ainhoa Urteaga zumaiarra arduratuko da etzi Arranoko terraza girotzeaz. Ohi bezala, 20:00etan hasiko da kontzertua, eta Musika Plaza musikaz gozatzeko leku bihurtuko da. Kultur egitasmoaren azken kontzertua izango da zumaiarrarena.

Urteagak 2025eko azaroan argitaratu zuen bere bakarkako lehen lana, Arrakalak. Rock akustikoan oinarritutako lanak euskarazko 12 kantu biltzen ditu. Zumaiarraren hitzetan, "inflexio puntu bat izan du bizitzan, eta une horretako gogoetak azaleratzeko modu bat izan da bilduma". Arrakala hitzarekin denok inflexio puntuak ditugula adierazi nahi du musikariak: "Lurrean arrakala bat egiten denean, geroz eta handiago egin daiteke zuloa edo atera daitezke belarra eta loreak". Arranopolako agertokia girotzeko prest iritsiko da Urteaga etzi Arranoko terrazara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide