Orio eta Arraun Lagunak gailendu dira Zarauzko Ikurrina estropadetan

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 23a

Gutxiren ezusterako, iazko txapeldunek eskuratu dituzte aurten ere Zarauzko Ikurrinak. Eusko Label ligan, Oriok eraman du bandera, baina Getariak egindako estropada apartekoa izan da. Emakumezkoek, berriz, gaur agurtu dute Euskotren liga: Oriok laugarren amaitu du sailkapen orokorrean, eta Zumaia, aldiz, ETE Ligara jaitsi da.

Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) gizonek beste behin erakutsi dute aurten ere ez dutela aurkaririk. Atzoko jardunaldia nagusitasunez irabazi bazuten ere, gaur Zarauzko uretan emandako arraun ikuskizuna apartekoa izan da. Ohorezko txandan lehiatu dira Iker Zabalaren mutilak, Zierbena, Bermeo eta Donostiarrarekin batera.

Oriok lehenengo luzetik hartu du aurrea gainontzeko ontziekiko, eta lehen ziabogara iristerako, jada zazpi segundoko aldea zuen Zierbena eta Bermeorekiko. Azken bi ontzi horien kasuan, lehia estu-estua izan dute estropada guztian zehar, bata bestearen atzetik ibili baitira uneoro. Jardunaldiak aurrera egin ahala, Orio tartea handitzen joan da, eta azken ziabogan 15 segundoko aldea atera dio bigarren zihoan Zierbenari. 20.19,09ko denborarekin irabazi du Oriok, 18 segundo beranduago etorri da Zierbena, eta segundo batera, Bermeo. Donostiarra, berriz, atzean geratu da bigarren luzean, eta 20 segundo beranduago helmugaratu baita.

Gogotik astindu dute Zarauzko Ikurrina. Izan ere, garaipen honekin, Orioko patroi Gorka Aranberrik 100 bandera metatu ditu. Garaipen polita izan da zarauztarrarentzat, eta momentua aprobetxatu du Enbatak asteburuan lortutako garaipenak zoriontzeko. Igandeko ohiturekin jarraituz, harrera egingo zaie etxeko txapeldunei iluntzeko 20:00etan, Herriko Plazan.

Ezin da, ordea, gaurko estropadaz hitz egin Getariak egindako lan bikaina aitortu gabe. Esperantza bigarren txandan aritu da gaur, Hondarribia, Ondarroa eta Lekeittiarrarekin batera. Eta haren txanda irabazi badu ere, berdeek ez dizkiete gauzak erraz jarri getariarrei. Hain zuzen ere, bigarren luzean Hondarribiak hartu du aurrea, eta bigarren ziabogara une berean iritsi dira bi ontziak. Hirugarren luzetik aurrera, ordea, Getaria sendotzen hasi da berriro, eta, amaieran, berdeei lau segundoko aldea aterata helmugaratu da. Hala, bi egunetako denborak kontuan izanik, Esperantzak bigarren egin du sailkapenean, egindako lan bikainaren ordain gisa.

Euskotren ligan, emaitza gazi-gozoak

Zarauzko XVIII. Ikurrinaren bigarren jardunaldia jokatu dute gaur goizean Euskotren ligako ontziek, denboraldiko azken estropada, hain zuzen ere. Zumaiaren kasuan, atzo bezala, gaur ere lehenengo txandan aritzea egokitu zaio, Donostiarra, Hibaika eta Astillerorekin batera.

Arraunketa saio gogorra izan da gaurkoa zumaiarrentzat. Izan ere, azkenak izan dira ziabogara iristen, hirugarren sailkatu den Hibaikatik sei segundora. Bigarren luzean, gainontzeko ontziekiko tartea handitzen joan da, eta, amaieran, hirugarren egin duen Astillero baino 15 segundo beranduago iritsi dira helmugara. Haien txandan ez ezik, eguneko sailkapenean ere azkenak izan dira zumaiarrak. Zehazki, 32 punturekin, zortzigarren postuan amaitu dute ligan.

Orioko emakumezkoen kasuan, ohorezko txandan aritu dira Arraun Lagunak, San Juan eta Tolosaldearen aurka. Aurkari gogorrak izan dituzte oriotarrek; izan ere, lehia oso estua izan da ligako txapeldunen eta arrosen artean. Oriori dagokionez, zazpi segundora iritsi da ziabogara, eta zailtasunak izan ditu buelta ematerakoan. Bigarren luzean, atzean geratzen hasi da, eta San Juanekiko zuen tartea apurka handitzen joan da. Amaieran, 14 segundo beranduago iritsi da helmugara.

Oro har, estropada bikainak egin dituzte Xanti Zabaletaren neskek atzo eta gaur. Izan ere, bi egunetako denborak kontuan izanik, hirugarren postuan amaitu dute sailkapenean. Euskotren Ligari dagokionez, laugarren amaitu du Oriok, guztira 73 puntu bilduta.

Bandera eta liga, berriz, Arraun Lagunakentzat izan dira. Kontuak horrela, saregileak ETE ligan lehiatuko dira datorren denboraldian. Dena den, guztia ez da hemen amaitu, izan ere, Telmo Deuneko emakumeek begirada orain Kontxako Banderan jarrita dutela nabarmendu dute.

Zarauzko traineruak, play-offetarako sailkatuak

Zarautz Arraunketa Elkarteko (ZAE) bi traineruek ez dute atzoko zorte bera izan gaur Bizkaiko uretan. Dena den, albiste onekin itzuli dira etxera: irailean jokatuko diren play off-etarako sailkatu dira. Hala erabaki da gaur goizean jokatutako ETE eta KAE 1 ligetako azken jardunaldietan. Emakumezkoek Bilboko XI. Ikurrina izan dute jokoan, eta gizonezkoek, berriz, Bilboko XLVIII. Ikurrina.

ETE Ligako erlojupeko estropadak eman dio hasiera arraun jardunaldiari. Zarauztarren kasuan, lehia estua izan dute Hondarribiarekin, segundo bateko aldearekin iritsi baitira ziabogara. Bigarren luzean, ordea, berdeek aurrea hartu dute, eta, amaieran, 10 segundoko aldea atera diete zarauztarrei. Hala, eguneko bandera eta ligako titulua Hondarribiarentzat izan dira, baina indarrak Enbatarekin neurtu beharko dituzte datorren hilean jokatuko diren play off-etan.

Emakumezkoek amaitu bezain laster uretaratu dira gizonezkoak. Zarautz eta Zumaia bigarren txandan aritu dira, besteak beste, aurkari zuzena duten Deustorekin batera. Estropada bikaina egin du Enbatak gaurkoan, une oro Deustotik segundo gutxira mantenduz. Zumaiarrek ere aparteko lana egin dute, eta hirugarren postuan amaitu dute liga. Dena den, gaurko garaipena Deustok lortu du etxean, eta ligako titulua ere harentzat izan da.

Kontuak kontu, Zarautzekin batera neurtuko ditu Deustok indarrak irailean. ZAEko arraunlariek gaurkoan banderarik irabazi ez badute ere, atzo etxean eskuratutako biak astinduko dituzte gaur iluntzean udaletxeko balkoitik. Izan ere, 19:00etan egingo diete harrera Lege Zaharren Enparantzan.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide