Irailean jokatuko diren play off-etara sailkatu dira ZAEko bi traineruak

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 23a

ZAEko gizonen trainerua, atzo, Zarauzko Ikurrina estropadan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Bilboko Ikurrinarekin batera amaitu dira ETE eta KAE 1 ligak gaur goizean. Zarauzko bi traineruek bigarren amaitu dute denboraldiko sailkapenean, eta hortaz, irailean jokatuko diren play off-etara sailkatu dira. Emakumeek Hondarribiarekin neurtuko dituzte indarrak, eta gizonek, berriz, Deustorekin.

Zarautz Arraunketa Elkarteko (ZAE) bi traineruek ez dute atzoko zorte bera izan gaur Bizkaiko uretan. Dena den, albiste onekin itzuli dira etxera: irailean jokatuko diren play off-etarako sailkatu dira. Hala erabaki da gaur goizean jokatutako ETE eta KAE 1 ligetako azken jardunaldietan. Emakumezkoek Bilboko XI. Ikurrina izan dute jokoan, eta gizonezkoek, berriz, Bilboko XLVIII. Ikurrina.

ETE Ligako erlojupeko estropadak eman dio hasiera arraun jardunaldiari. Zarauztarren kasuan, lehia estua izan dute Hondarribiarekin, segundo bateko aldearekin iritsi baitira ziabogara. Bigarren luzean, ordea, berdeek aurrea hartu dute, eta, amaieran, 10 segundoko aldea atera diete zarauztarrei. Hala, eguneko bandera eta ligako titulua Hondarribiarentzat izan dira, baina indarrak Enbatarekin neurtu beharko dituzte datorren hilean jokatuko diren play off-etan.

Emakumezkoek amaitu bezain laster uretaratu dira gizonezkoak. Zarautz bigarren txandan aritu da, besteak beste, aurkari zuzena duen Deustorekin batera. Estropada bikaina egin du Enbatak gaurkoan, une oro Deustotik segundo gutxira mantenduz. Dena den, gaurko garaipena Deustok lortu du etxean, eta ligako titulua ere harentzat izan da. Kontuak kontu, Zarautzekin batera neurtuko ditu indarrak irailean.

ZAEko arraunlariek gaurkoan banderarik irabazi ez badute ere, atzo etxean eskuratutako biak astinduko dituzte gaur iluntzean udaletxeko balkoitik. Izan ere, 19:00etan egingo diete harrera Lege Zaharren Enparantzan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide