Eskudero eta Urruzola laugarrenez garaile, Zaporraren oroimenezko txapelketan

Julene Sorarrain eta Gorka Eizagirre 2026ko abuztuaren 22a

Eneko Bidezabal eta Galarraga, jubeniletan, eta Eskudero eta Urruzola, seniorretan, dira LX. Patxi Zaporraren Oroimenezko Pilota Txapelketako garaileak. Atzo arratsaldean erabaki ziren aurtengo irabazleak, herritarrez goraino betetako Frontoi Txikin. 

Baditu irabazleak LX. Patxi Zaporraren Oroimenezko Pilota Txapelketak. Eneko Bidezabal eta Galarraga, jubeniletan, eta Eskudero eta Urruzola, seniorretan, dira aurtengo edizioko garaileak. Hain zuzen ere, zazpi jardunaldiren ostean, atzo arratsaldean Frontoi Txikin jokatutako finaletan erabaki ziren txapeldunak. Txapelketa guztian zehar bezala, atzo ere goraino bete ziren frontoiko harmailak, eta giro bikaina izan zen jardunaldian zehar.

Jubenilen mailan, partida bikainaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutako ikusleek. Etxaniz eta Errastik osatutako bikotea 18-12 emaitzarekin aurretik jarri zen hasieran, baina Bidezabal zarauztarrak, joko bikaina erakutsiz, markagailua irauli eta, Galarragarekin batera, jardunaldia irabaztea lortu zuten.

Seniorretan, aurten ere Eskuderok eta Urruzolak osatutako bikotea nagusitu da. Chapusso eta Sasiain gogotik saiatu ziren arren, ezin izan zuten ezer egin bikote txapeldunaren aurrean. Azkenean, irabazleek 22-13 emaitzarekin eraman zuen garaipena etxera. Amaieran, garaikurrak eta sariak jaso zituzten lau bikoteek, eta garaipena bertaratutako herritar eta zale guztiekin ospatu zuten.

(Argazkiak: Gorka Eizagirre).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide