Tokiko produktu ekologikoen balioa ikusarazteko topagunea

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 21a

Biolur elkarteak antolatuta, herritarrek tokiko eta gertuko produktu ekologikoak erosteko aukera izan dute goizean zehar, Lege Zaharren Enparantzan jarritako postuetan. Gainera, azokan erositako elikagaiekin errezeta ezberdinak egiten ere ikasi dute.

Herritar ugari elkartu ditu gaur goizean Lege Zaharren Enparantzan egindako Elikagai Ekologikoen Azokak. Biolur elkarteak antolatutako ekimenaren helburua da tokiko eta gertuko ekoizpen ekologikoa herritarrengana hurbiltzea, eta hori horrela izanda, barazkiak, gaztak, eztia edota ogia erosteko aukera izan da plazan jarritako postuetan. 

Gainera, eguerdi partean sukaldaritza saioa ere eskaini du Miriam Chefintegrativak, eta azokan bertan eskuratutako elikagaiekin errezeta ezberdinak egiten erakutsi die bertaratu diren hainbat ikusleei. 

Biolur elkarteko arduradunen hitzetan, "azoka ekologiko ibiltarien ekimenarekin, eredu ekologikoa sustatu nahi dugu, plazetara eraman, eta ekoizleak izan daitezela zuzenean herritarri azaltzen dietenak nola ekoizten duten, eta zer onura duten elikagai ekologikoak." Halaber, ENEEK-Ekolurra Kontseiluak nabarmendu du azoka hauek bultzatuz, "ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena indartu" nahi dela, baita elikagai ekologikoen atzean dagoen "lana, konpromisoa eta balioa ikusgarri egin" ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide