Argazkigintzaren Nazioarteko Eguna da gaur, abuztuaren 19a, eta, urteroko legez, Photomuseumek egunari lotutako ekitaldia egin du museoan.
Egitarauari ekiteko, Xabier Etxabe dantzariak aurreskua dantzatu du, herriko txistularien laguntzarekin. Jarraian, lore eskaintza egin dute Ramon Serrasen alargun Celina Gorostizagoizak eta Photomuseumeko zuzendari Martxel Altunak, Daguerreri eskainitako monumentuaren aurrean. Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Irune Urbieta Kultura zinegotzia ere ekitaldian izan dira.
Ondoren, Felix Zubiak egindako bertsoak abestu ditu Etxabek museoaren barruan, ekitaldira bertaratu diren herritarrekin batera. Halaber, egitarauaren barruan, eguzki estatikoak, eklipseen zinemak eta finkapen kosmikoak jasotzen dituen Itzal Eremua bilduma proiektatu dute. Gainera, eguna baliatuz, museorako sarrera doan izango dute bisitariek egun osoan zehar.