Oraindik eskuragai dira biharko Udako Musikaldiko kontzerturako sarrerak

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 19a

Expressio Duo bikoteak kontzertua eskainiko du bihar, Santa Klaran. (utzitakoa)

Udako Musikaldiaren barruan, Maria Zubimendi zumaiarrak eta Garazi Navas usansolotarrak osatutako Expressio Duo bikoteak kontzertua eskainiko du bihar, 20:30ean Santa Klara elizan. Modelo Aretoko leihatila, ordea, itxita egongo da gaur, eta interesdunek internet bidez eskuratu beharko dituzte sarrerak.

Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, gaur, abuztuak 19, Modelo Aretoko txarteldegia itxita egongo da, eta horrenbestez, Udako Musikaldirako sarrerak internet bidez erosi beharko dira. Udalak zehaztu duenez, sarrera gutxi batzuk geratzen dira hurrengo emanaldietako: biharko kontzerturako 39 sarrera daude eskuragai, eta abuztuaren 26rako, berriz, 34. Txartelak Kutxabank atari digitalean erosi daitezke, hemen

Hain zuzen ere, Udako Musikaldiaren barruan, Maria Zubimendi zumaiarrak eta Garazi Navas usansolotarrak osatutako Expressio Duo bikoteak kontzertua eskainiko du bihar, 20:30ean Santa Klara elizan. Bi akordeoi jotzaile hauek Elementuak izeneko lana taularatuko dute, hiru mendetako musika programarekin. Frantziako barrokoaren dotoretasunetik hasi eta euskal musikaren unibertsora arteko bidaia proposatuko dute.

Azkenik, musikaldiari amaiera jartzeko, William Shakespeare idazlearen klasiko gaurkotua entzuteko parada izango da Trio Rodin hirukoaren Romeo & Julieta 2.0 saioari esker. Aipatu taldea Europako areto onenetan aritu da, 300 kontzertu baino gehiago eman ditu, eta hainbat sari erdietsi ditu nazioarteko lehiaketetan. Zarauzko emanaldian, abuztuaren 26an, Sergei Prokofieven Romeo eta Julieta suitea eta Leonard Bernsteinen West side story suitea joko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide