Zarauztarrak hasi dira Aste Nagusiko kontzertuetarako motorrak berotzen

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 18a

Zarauzko Aste Nagusiaren barruan, Gaztea Gaueko kontzertuek malekoia hartu zuten atzo iluntzean. Herritar mordoa gerturatu zen Dama ingurura, emanaldiak aurrez aurre jarraitzera eta gau giro ederra aprobetxatzera. Gaurkoan, berriz, Neomak taldeak jarriko du festa giroa hondartzan.

Beste behin ere, malekoia herritarren topaleku bilakatu zen atzo gauean. Hain justu, Aste Nagusiko egitarauaren barruan, Gaztea Gaueko kontzertuek hartu zuten Zarauzko hondartza. Guztira hiru artistek jarri zuten festa giroa, hala nola Ramona's First Evil Boyfriend, Zeatikez eta Olaia Inziartek. Herritar mordoa bertaratu zen kontzertuak aurrez aurre ikustera eta gau giro ederra aprobetxatzera.

Gaurkoan, berriz, Neomak taldearen ardura izango da zarauztarrak dantzan jartzea. Taldeak iaz kaleratu zuen Lazturak orbain izeneko bigarren diskoa, eta gauean izango da abesti berriak entzuteko aukera, 23:00etatik aurrera Daman. Hona hemen datozen egunetako kontzertuak:

Gaur, asteartea

  • 23:00. Neomak taldearen kontzertua, malekoian (Dama).

Bihar, asteazkena

  • 23:00. Janus Lesterren kontzertua, malekoian (Dama).

Etzi, osteguna

  • 23:00. Seguridad social taldearen kontzertua, malekoian (Dama)

Abuztuaren 21a, ostirala

  • 23:00. Puro Relajo taldearen kontzertua, malekoian (Dama).

Abuztuaren 22a, larunbata

  • 23:00. Leire Martinezen kontzertua, malekoian (Dama).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide