Produktu ekologikoen azoka zabalduko dute ostiralean Lege Zaharren Enparantzan

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 17a

Hainbat herritar, duela bi urteko Nekazaritza Ekologikoaren Azokan. (Guka)

Elikagai Ekologikoen Azoka bisitatzeko aukera izango da ostiralean, 10:00etatik 14:00etara, Lege Zaharren Enparantzan. Besteak beste, barazkiak, gaztak eta ogia izango dira salgai, eta sukaldaritza tailerra ere eskainiko dute eguerdian.

Elikagai Ekologikoen Azoka bisitazeko aukera izango da ostiral honetan Zarautzen. Beste urte batez, Biolur elkarteak, Zarauzko Udalaren, Urkome eta ENEEK-Ekolurra Kontseiluaren laguntzarekin antolatu du hitzordua, eta besteak beste, barazkiak, gaztak, eztia, ogia eta bestelako produktu ekologikoak izango dira salgai Lege Zaharren Enparantzan jarriko diren postuetan, goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Gainera, 12:00etatik 14:00etara sukaldaritza saioa ere izango da Miriam Chefintegrativaren eskutik, eta azokan bertan erositako elikagaiekin errezeta ezberdinak egiten erakutsiko die herritarrei. 

Egistamoaren helburua da tokiko eta gertuko ekoizpen ekologikoa herritarrengana hurbiltzea. Horrenbestez, ostiralean ingurumenarekiko errespetuz, animalien ongizatea bermatuz eta sintesi kimikoko produkturik erabili gabe ekoitzitako elikagai ekologiko ugari aurkitu ahal izango dira azokan.

Biolur elkarteko arduradunen hitzetan, "azoka ekologiko ibiltarien ekimenarekin, eredu ekologikoa sustatu nahi dugu, plazetara eraman, eta ekoizleak izan daitezela zuzenean herritarri azaltzen dietenak nola ekoizten duten, eta zer onura duten elikagai ekologikoak." Halaber, ENEEK-Ekolurra Kontseiluak nabarmendu du azoka hauek bultzatuz, "ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena indartu" nahi dela, baita elikagai ekologikoen atzean dagoen "lana, konpromisoa eta balioa ikusgarri egin" ere. 

Azokarako bonoak eskuragai, Turismo Bulegoan

Aste honetan zehar, azokan erabili ahal diren 5 euroko bonoak banatuko dituzte Turismo Bulegoan, ENEEK-Ekolurra Kontseiluaren laguntzari esker. Bono hauek azokan erabili ahal izango dira, betiere 15 euroko gutxieneko elikagai ekologikoen erosketa egiten bada. Pertsona bakoitzak bono bakarra jaso ahal izango du, eta bonoak amaitu arte banatuko dira.

Inaxio Illarramendi Ingurumen zinegotziaren hitzetan, "horrelako azokek aukera ematen dute bertako ekoizle ekologikoak ezagutu, kalitatezko elikagaiak dastatu eta kontsumo arduratsuago baten aldeko urratsa egiteko". Hori horrela izanda, herritar guztiak gonbidatu ditu abuztuaren 21ean egingo den azokara hurbiltzera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide