Ainitze Zumeta: "Harri jasotzea ez dut nire gogoz utzi, gorputzak hala erabaki duelako baizik"

Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 18a

Anitze Zumeta Trinitate Plazan Uliako harria jasotzen. (Donostiako Festak)

Bizkarreko arazoak tarteko, lau urteko ibilbidea amaitzea erabaki du zarauztarrak. Tartean, 2024ko Euskal Herriko txapela eta beste hainbat garaipen lortu ditu, baita zenbait marka jarri ere.

Ainitze Zumetak (Zarautz, 1991) harri jasotzea uztea erabaki du, bizkarreko arazoek azken hilabeteetan lehiaketetan eta erakustaldietan parte hartzea eragotzi ostean. 2022an hasi zuen herri kiroletan ibilbidea, eta lau urteotan hainbat txapel irabazi eta marka jarri ditu. Besteak beste, 2023an Uliako Harria txapelketa irabazi zuen, ordura arte Karmele Gisasolak zuen marka hobetuta. 2024an, berriz, Euskal Herriko txapela jantzi zuen, eta Zarauzko Bi Harri txapelketa ere bi aldiz irabazia du. Orain, etapa bati amaiera ematea erabaki du, gutxienez denboraldi batez, eta Gukak berarekin hitz egin du urte hauetako ibilbideaz, lortutako balentriez eta hartutako erabakiaz.

Bizkarreko arazoek azkenaldian lehiaketetan eta erakustaldietan parte hartzea eragotzi dizute. Nola bizi izan duzu egoera hori? Nola hartu duzu jarduna uzteko erabakia?

Eragotzi ez nuke esango. Egia da azkeneko urte eta erdi honetan mina dela-eta ez naizela nahi bezala aritu. Entrenamendu asko bertan bera utzi behar izan ditut, eta txapelketa batean baino gehiagotan parte hartu ahal izateko infiltrazioak ere egin behar izan dizkidate. Gelditzea ez zegoen nire aukeren artean; horregatik, mina arintzeko pilulak hartu, gerrikoa gogor estutu, eta harria jasotzera joaten nintzen. Mina izan arren, harria altxatzeko gai nintzenez, txapelketak ondo irteten zitzaizkidan. Ez naiz harria alde batera uzteko gai izan azkenengo hilabeteetara arte. Denbora dezentez aritu naiz bizkarra txikitzen, gorputzak gelditzea erabaki duen arte. Duela pare bat hilabete 63 kiloko bola jaso ezinik gelditu nintzen, ez nintzen gai lurretik ateratzeko ere, eta aurreko astean, entrenamendu batera joan eta harririk jaso ezinda ikusi nuen neure burua. Hor konturatu nintzen harri jasotzeko ibilbidea amaitu zela niretzat. Ez nik nahi nuelako, gorputzak hala erabaki zuelako baizik. Horrek, nahi eta ezinak, bizkarreko minak baino min handiagoa ematen du.

Etapa hori bukatuta, nola ikusten duzu etorkizuna? Harri jasotzearekin nolabait lotuta jarraitzeko asmorik ba al daukazu?

Lesiotik errekuperatu nahi dut, kirola fundamentuz eta nahi bezala egin ahal izateko. Ebakuntza egiteko ideiari bueltaka ibili nintzen. Hasiera batean hernia bat zen, baina garaiz ez gelditzeagatik, orain diskopatia bat dut. Ornoak elkarren kontra ditut, eta protesi bat jartzeko aukera eman didate. Hasieran aukera ona iruditu zitzaidan, baina jendearekin hitz egin ondoren, ondo pentsatu dut, eta beste aukera batzuk probatzea erabaki dut; core-a edo gorputzaren erdialdea lantzeko ariketak egitea eta pilatesa, besteak beste. Ez dira nire gustukoak, baina egin beharko ditut sendatzea nahi badut. Bitartean, crossfit ere egiten dut, pisua erabili beharreko ariketak izan ezik. Harri jasotzearekin lotutako jardueretan jarraitzea, momentuz, zail ikusten dut. Hala ere, nork daki zer egingo dudan etorkizunean. Harri jasotzea ez da txorakeria bat; maila oso handia dago, eta horrenbeste denbora errekuperatzen pasatu ondoren, ez dut uste neure buruarengan konfiantza handirik izango dudanik plazetara itzultzeko. Beldur puntu hori beti geratzen da lesio baten ondoren, eta hau jada nire hirugarren etenaldia da.

Nolatan hasi zinen harri jasotzen? Nola oroitzen dituzu 2022ko lehen egun haiek? 

⁠Nire hasiera espero gabea izan zen. Ez nuen sekula pentsatuko harri jasotzen hasiko nintzenik. Uste dut 2021ean izan zela. Joxe Ramon [Iruretagoiena Izeta II.a] bere harri jasotze eskolarako emakume bila zebilen. Nitaz aparte, Lur Errekondori eta Lierni Osari ere esan zieten harria probatzera joateko. Haiek pausoa eman zuten eta nik ez. Beti izan naiz neska oso lotsatia, eta plazaren erdira jende guztiaren aurrera atera beharrak, hori pentsatze hutsak, atzera botatzen ninduen. "Ezta pentsatu ere", izan zen nire erantzuna. Denborarekin, Lur eta Lierni gustura zebiltzala ikusi nuenean, probatzera ausartu nintzen, eta egia esan, asko gustatu zitzaidan.

Ibilbide honetan zeintzuk izan dira zuretzat pertsonarik garrantzitsuenak? 

⁠Garrantzitsuak, asko; beharrezkoa, berriz, Joxe Ramon. Herri kirolak tarteko, jende oso jatorra ezagutu dut, eta pena handia ematen dit haiekin dudan harremana galtzeak.

Lau urte hauetan hainbat balentria egin dituzu: Uliako Harria irabazi eta marka berria ezarri zenuen, Euskal Herriko txapela lortu zenuen eta Zarauzko Bi Harri txapelketa ere birritan irabazi duzu. Zein momentu edo lorpen geratzen zaizu bereziki gogoan? Zergatik?

⁠Lorpen guztiak geratzen dira gogoan, baina dudarik gabe, Uliako Harria da gehien gozatu dudan txapelketa. Harri hori berezia izan da niretzako, gustukoa eta ondo menderatzen nuena. Beste txapelketa askotara urduri joaten nintzen bezala, harri horrek ez zidan esfortzu handiegirik egitea eskatzen, eta lasai irteten nintzen plazara. Beno, lehenengo urtean izan ezik; izan ere, ordukoan oso txapelketa txarra egin nuen urduritasunagatik. Egun hartako oroigarria ere badut kokotsean. Kokotsa urratu nuen harriarekin, odoletan amaitu nuen, eta harrezkero, urratu haren tokian orban txuri bat dut. Orain, oroitzapen on bat izango da hori.

Zer eman dizu harri jasotzeak?

Lagun asko eta lesio bat. Egia esan, ez dakit asko ikasi dudan ala ez, baina plazer handia izan da Euskal Herrian zehar erakustaldiak egitea, pertsona zoragarri askoren ondoan. Oraindik gogoan dut harri jasotzen hasi nintzenean nola aritzen nintzen kexaka; izan ere, asteburu guztiak erakustaldiak egiten pasatzen nituen eta ez nuen denborarik lagunekin egoteko. Aldaketa handia izan zen asteburuak lagunekin garagardoak edaten pasatzetik, eskolako jendearekin erakustaldiz erakustaldi aurrera eta atzera ibiltzera igarotzea. Orain, berriz, faltan sumatuko du hori; asko, gainera. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide