Vulcano piroteknia etxeak Zarauzko zerua kolorez jantzi zuen atzo gauean, Aste Nagusiaren egitarauaren barruan. Suen aurtengo lehen emanaldia izan zen, eta herritar eta bisitari ugari hurbildu ziren malekoira. Ikuskizuna hasi baino orduerdi lehenago xirimiria hasi zuen, baina, hala ere, jendea lehenago gerturatu zen izozki bat jan eta su artifizialak ikusteko lekua hartzera.
Ohi bezala, 23:00etan puntuan eman zioten hasiera ikuskizunari, eta lehen suziria zerura igo bezain pronto, malekoian bildutakoen begirada guztiak zerura zuzendu ziren. Minutu gutxiren buruan, Zarauzko zerua kolorez, argiz eta eztandaz bete zen, eta ikusleek adi-adi jarraitu zuten emanaldi osoa.
Bigarren emanaldia gaur izango da (23:00), eta segurtasuna bermatzeko, N-634 errepidea itxi egingo dute Getaria eta Zarautz artean, hiru ordu laurdenetan, 22:45etik 23:30era bitartean. Errepidea itxita egongo den denboran Getaria eta Zarautz arteko joan-etorriak Meagatik egin beharko dituzte ibilgailuek. Zumaia eta Zarautz artekoak, berriz, Meagatik edo AP-8.