Musika Plaza girotu zuen atzo Joselu Anaiak taldeak

Enara Ariznabarreta

Musika Plaza festaz eta erromeria doinuz jantzi zuen atzo Araiako Joselu Anaiak taldeak. Herritar eta bisitari ugari bildu ziren plazan. Gaur eta bihar ere izango dira musika hitzorduak Musika Plazan: gaur Lisker taldearen erromeria, eta bihar, Rumbo Tijuanaren mariatxiak.

Eguraldia lagun, giro paregabeaz gozatzeko aukera izan zuten atzo arratsaldean herritarrek eta bisitariek. 19:00etan hasita, Joselu Anaiak talde mitikoak emanaldia eskaini zuen Musika Plazako kioskoan, eta erromeria abestiz jantzi zuten plaza, herritarrak dantzan jarriz. Eguna amaitzeko, Araiako (Araba) taldea berriz igo zen agertokira, emanaldiaren bigarren zatia eskaintzera. 

Gaur ere izango da musika ekitaldirik Aste Nagusiaren barruan. Hain zuzen ere, su artifizialen emanaldiaren ostean, Lisker taldearen emanaldia izango da, Musika Plazan. Biharko suen emanaldiaren ondotik, berriz, Rumbo Tijuana taldeak mariatxiak eskainiko ditu Musika Plazako kioskoan.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide