Ur jolasez eta kukañaz gozatzeko aukera izan dute gaurkoan zarauztarrek, 17:00etan hasita. Gaztetxo ugari hurbildu dira moilara, lagunartean ondo pasatzera eta sariak irabaztera. Eguraldia lagun, arratsalde dibertigarria eta entretenigarria igaro dute. Halaber, herritar eta bisitari dezente hurreratu dira gaztetxoen jarduna ikustera.
Zarauzko Arraun Elkarteak antolatzen ditu kukaña eta ur jolasak, eta udako azken hitzordua abuztuaren 27an izango da, ostegunez. Uztailaren 2an egitekoak ziren lehen saioa, baina bertan behera gelditu zen; izan ere, gaztetxo talde batek kukaña apurtu zuen. Ondorioz, aurtengo lehen saioa uztailaren 16an izan zen.