Udako Musikaldiaren 38. edizioa ari dira ospatzen, eta ostegun honetan Vivalma taldearen emanaldia egongo da ikusgai Santa Klara elizan. Arratsaldeko 20:00etan hasita, herritarrek eta bertaratzen direnek musika klasikoaz gozatzeko aukera izango dute.
Bigarren emanaldi hau bi zatitan banatuta egongo da, Danser eta Ballare. Lehenengoan Vivalmak sortutako Suite de danzas aurkeztuko du, J.P. Rameau, F. Francoeur, J. Du Phly edo F. Couperin konpositoreen piezetatik abiatuta. Bigarrenean, berriz, Italiako dantza ikusteko aukera izango da. Bertaratzen direnek Marta Ramírez García-Minaren biolin barrokoa, Marina Cabello del Castilloren biola da gamba eta Eloy Orzaiz Galarzaren klabea entzuteko aukera izango dute.
Musikaldiaren barruan antolatutako kontzertu horretara joateko sarrerak aurrez jarri zituzten salgai, eta Udaleko Kultura Sailak adierazi duenez, ahitu dira dagoeneko.