Hasi dute denboraldi aurrea ZKE futboleko lehen taldeek

Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 14a

ZKE futboleko lehen mailako gizonezkoen taldea. (Zarautz KE)

Pasa den uztailaren 30ean hasi zuen denboraldi aurrea gizonezkoen lehen taldeak, eta lagunarteko bost partida jokatuko dituzte datozen asteetan. Emakumeek, berriz, hilaren 18an hasiko dituzte prestaketa lanak, eta haiek ere hainbat lagunarteko neurketa jokatuko dituzte.

Bihotzarekin eta arimarekin jokatu ondoren, agur esan zioten Hirugarren Federazio mailari Zarauzko futbol taldeko gizonezkoek. Aurten, Ohorezko Erregional mailan jokatuko dute, eta jada hasi dira buru-belarri entrenatzen. Irailaren 12an jokatuko dute denboraldiko lehen neurketa Urki futbol taldearen aurka, Astin. Hitzordu hori baino lehen, motorrak berotzen joateko, lagunarteko partidak jokatuko dituzte.

Denboraldi aurrea uztailaren 30ean hasi zuten, eta ligari ekiterako, bost partida jokatuko dituzte: datorren asteartean, hilaren 18an, Tolosaren aurka neurtuko dituzte indarrak, etxetik kanpo; abuztuaren 21an etxean, Beti-Kozkorren aurka ariko dira; abuztuaren 29an Bergararen aurka jokatuko dute, etxetik kanpo; eta irailaren 5ean Ordiziako taldea izango dute aurkari.

Eneko Ferradas añorgarra arduratuko da taldea trebatzeaz, eta bigarren entrenatzaile lanetan Ander Uranga donostiarra ariko da, duela urte batzuk emakumeen lehen taldeko bigarren entrenatzaile izandakoa. Klubak jakitera eman duenez, hainbat jokalari berri iritsi dira taldera, Hernani taldeko Asier Gonzalez eta Deusto taldeko Unai Urrosolo, esaterako. Gizonen lehen taldea gogotsu dago denboraldiari hasiera emateko, eta "ilusio handiz" hartuko dituzte datozen erronkak.

Emakumeak, Euskal Ligan

Emakumeen lehen taldeak lau aste daramatza prestakuntza fisikoa lantzen, baina baloiarekin jokatzen abuztuaren 18an hasiko dira, denboraldi aurreari hasiera emanez. Lau lagunarteko neurketa jokatuko dituzte denboraldia hasi baino lehen: abuztuaren 29an, Orioren aurka neurtuko dituzte indarrak; irailaren 5ean, Azpeitiko Lagun Onaken aurka ariko dira; irailaren 8an, Azkoitiko Anaitasuna taldearekin lehiatuko dira; eta azkenik, irailaren 12an, Zumaiako izango dute aurkari. Lagun arteko norgehiagoka denak Astin jokatuko dituzte.

Denboraldiari irailaren 20an emango diote hasiera, eta Anaitasunaren aurka jokatuko dute, etxean. Iaz bezalaxe, aurten ere, Iñigo Mutio arduratuko da emakumeen lehen taldea entrenatzeaz. Aurten, baina, taldean aldaketa dezente izan dira; izan ere, taldearentzat garrantzitsuak diren jokalari batzuk kanpora joan dira ikasketak tarteko. Ondorioz, kadeteen taldeko hainbat jokalariekin osatuko dute lehen taldea. Urtero legez, taldea gogotsu dago denboraldia hasteko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide