Kaskezur laukote nafarraren rocka entzuteko aukera izan zen atzo arratsaldean Zarautzen, Arranopola kontzertu zikloaren barruan. Arranoko arduradunek emanaldia hasi aurretik esan zuten bezala, ohikoa baino kontzertu zaratatsuagoa entzungo zuten bertaratu zirenek, bai nafarrek hitza bete ere.
Iaz argitaratu zuten Deus diskoko abestiak jo zituzten, baina ez ziren falta izan beraien aurreko Azpisugeak eta Ihes doaz animaliak diskoetako kantak ere. Ion Minde eta Iturria mikrofonoan txandakatzen joan ziren, gitarrak astintzen eta akordeak kiribiltzen zituzten bitartean; Imanol Zubietak eta Mikel Sanchezek, beraien aldetik, oinarri erritmiko sendoa jarri zuten. Gitarra zaratatsuak eta melodiak primeran uztartutako ordubete inguruko kontzertua eman zuten nafarrek.