Mujtar Leboihi: "Hil artean gogoratuko gara euskal herritarrok gugatik egiten ari zaretenarekin"

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 10a

Mujtar Leboihi, joan den astean Zarauzko udaletxean. (Onintza Lete Arrieta)

Saharako Fronte Polisarioaren ordezkaria da Leboihi Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta joan den astean Zarautzen izan zen, udalak Oporrak Bakean programan parte hartzen ari diren haurrei egindako harreran. 

Oporrak Bakean programan parte hartzen ari diren haur sahararrei eta haiek hartu dituzten familiei nahiz boluntarioei eta elkarteei harrera egin zien Zarauzko Udalak joan den ostegunean. Harrera hartan izan zen Mutjar Leboihi, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Saharako Fronte Polisarioaren ordezkaria, eta hitza ere hartu zuen. 

Saharako gobernuaren eta Saharako delegazioaren izenean esan zuen inoiz ez direla nekatuko euskal udalei eta administrazio publikoei eskerrak emateaz, "Oporrak Bakean bezalako programa garrantzitsu bat sortzeagatik, mantentzeagatik eta sustengatzeagatik". Gaineratu zuen esker hitzak zituela uda Euskal Herrian igarotzeko aukera duten neska-mutilen eta haien guraso eta familien izenean ere.

"Bere ezaugarriak kontuan hartzen baditugu, munduan den egitasmo ederrenetarikoa da Oporrak Bakean; izan ere, euskal administrazioek eta herritar soilek umeak beren etxeetan hartzen dituzte haien izenak eta jatorria kontuan hartu gabe. Inolako loturarik eduki gabe beren etxeetako ateak eta beren bihotzak zabaltzen dizkiete", azpimarratu zuen. 

40 urte dituen egitasmoa

Oporrak Bakean proiektuak 40 urte dituela, eta herrietako elkarteek konpromisoa urte luzez mantendu dutela nabarmendu zuen, eta Saharautz elkartea aipatu zuen, haiek 24 urte daramatzatelako programa hori Zarautzen sustatzen. Horregatik, esker bereziak eman nahi izan zizkien elkarteei, boluntarioei eta familiei, duten denbora guztia eta gehiago eskaintzen diotelako sahararren alde lan egiteari. Hitz eder gehiago ere izan zituen haientzat: "Zuek ematen diguzuen maitasuna hilobiraino eramango dugu; hil artean gogoratuko gara euskal herritarrok gugatik egiten ari zaretenarekin". Euskal Herriak Mendebaldeko Saharan "familia bat eta herri bat" dituela esan zuen, eta zinez eskertu zuen euskaldunek saharar herria publikoki aitortzea, "denek ez dutelako hala egiten". 

Esan zuen Oporrak Bakean programako aurrenetariko helmuga izan zela Euskal Herria. "Munduan ez ziren herrialde asko programarekin bat egin zutenak, baina Euskal Herriak bai, eta horrek erakusten du bi herriok elkarrekiko sentitzen dugun maitasuna". Maitasun hori "historia eta kultura partekatzearen ondorio" dela iritzi zion Leboihik. "Sustrai desberdinak ditugula dirudi, baina hainbestekoak dira antzekotasunak, ezen toki desberdinetan dauden bi euskaldun garela baitirudi". Euskaldunek beste herriekiko "sentsibilitate ikaragarria" dutela azpimarratu zuen saharar delegatuak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide