Goiuri Zabaletak jantzi du Laboral Kutxa kale pilota lehiaketako lehen txapela

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 4a

Malekoian jokatu zituzten atzo iluntze-gau partean formatu berritzaileko finalerdiak eta finala. Laia Salsamendiri 10-5, 10-9 eta 5-3 gailendu zitzaion Goiuri Zabaleta. Aurrez, Zarauzko Pilota Klubeko gaztetxoak aritu ziren lehiane eskuz banaka. 

Eguraldia lagun, Laboral Kutxa kale pilota egitasmo berritzailea ospatu zuten atzo iluntze-gau partean malekoian, 21:00etan hasita. Kale pilota euskal pilotaren jokamolde berrienetako bat da, one wall eta handball modalitateen ezaugarriak eta ezker paretako pilota uztartzen dituena. Ikusle ugari elkartu zituen saioak, eta txapeldun bat ere utzi zuen: Goiuri Zabaleta nafarra. Bera izan zen pilotaleku txikiaren neurrietara hobekien moldatu zena, eta ondorioz, Laboral Kutxa kale-pilota lehiaketako lehen txapelduna.

"Aurreko koadroetan magia" duen pilotaria da leitzarra, zuloak topatzen trebea eta efektuekin aurkariei mina egiten iaioa, eta malekoiko ezohiko pilotalekuan bere saltsan aritu zen atzo. Lehenengo, finalerdian "txikitu" egin zuen bere lekua topatu ezinik aritu zen Olatz Arrizabalaga (10-2 eta 10-1) eta nafarren arteko finalean ere merezita irabazi zion Laia Salsamendiri, horretarako hirugarren seta behar izan bazuen ere (10-5, 10-9 eta 5-3). Izabako aurrelariak ere erraz egin zuen aurrera ilunabarreko lehen partidan, Nora Mendizabali, lauen artean atzelari bakarrari (10-7 eta 10-3) gailenduta.

Txapela eta garaikurrak Inaxio Illarramendi Zarauzko Kirol zinegotziak eta Joseba Urkiola EITBko Kirol zuzendariak eman zizkieten. 

Txapelketaren aurretik izan ziren partida gehiago ere; zehazki, Zarauzko Pilota Klubeko gaztetxoak aritu ziren 18:00etatik 20:00etara, eskuz banakako hemezortzi partida jokatzeko.

Ordu batzuez pilotaleku berria

Zarauzko malekoiak era askotako ekitaldiak jaso ditu urte luzeetan, eta hemendik aurrera, ordu batzuetan bederen, "pilotaleku bat ere, Zarautzen dokumentatua dagoen 38.a, izan zuela esan dezake itsasoak eta kaleak bat egiten duten txoko zoragarri honek", azpimarratu dute antolatzaileek. Betiko pilotazaleez harago, "mundu zabaletik etorritako milaka bisitarik ere horren gurea den kirolaz gozatu ahal izan" zutela gaineratu dute. 

"Bidaia luzeenak pauso txiki batekin hasten dira eta kale-pilotak hasiera bikaina izan zuen atzo Zarautzen", gerturatu ziren pilotazaleek asko gozatu zuten eta, ETBk "ondo mimatutako produktu batekin", irudi ezin ederragoak utzi zituen pilota molde berri honek, kokapen pribilegiatu batean. "Pilotari eta zaleek ohitzen joan beharko dugu, kale-pilota geratzeko etorri da eta".

(Argazkiak: Emakume Master Cup eta Onintza Lete Arrieta)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide