Euskal preso guztiak etxean egongo diren eguna finkatu dute Sarek eta Etxeratek helmuga bezala. Urtarrilaren 9an Bilbon deitu duten manifestazioan gurutzatu asmo dute zerumuga hori, eta gaurkoan, salbuespen politikaren azken hondarrekin amaitzeko mobilizazioak egin dituzte Euskal Herriko hamaika hondartzetan, horien artean, Zarautzen. Manifestazioa egin dute herriko kaleetan zehar.
Presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko eragileek urtero deitzen dituzte mobilizazioak abuztuko lehenengo asteburuan, baina azkena izango denaren uste osoarekin egin dute gaurkoa. Izan ere, espetxe politikak gaur egun erakusten duen aurpegia ez da garai batekoa, nabarmen gutxitu baitira salbuespenezko egoerak: Zarautzen zehaztu dutenez, 45 preso daude erregimen itxian, 13 iheslari daude erbestean eta 3 lagunek segitzen dute deportatuta. Hala ere, salbuespen politikak guztiz desagerrarazi nahi dituzte Sarek eta Etxeratek, beraz, pertsona horiei guztiei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatu dute.
Horregatik, hain zuzen, erabili dute "helmuga" leloa gaurko mobilizazioetan: guztiak etxean egongo diren egunera bidean pauso berri bat eman nahi dutelako. Azaldu dutenez, bide horretan "ezinbestekoa" izango da "iraganeko eszenatokia" gainditzea eta elkarbizitzari zein etorkizunari ateak irekitzea.
"Urte luzez sufrimendu izugarria eragin duen eta eragiten duen" salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzea "ardura kolektiboa" dela nabarmendu dute, horregatik, datorren urtarrilaren 9an Bilbon deitu duten manifestaziora joateko deia luzatu dute Zarautzetik. Han gurutzatu nahi dute presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak ziurtatuko dituen helmuga.
(Argazkiak: Gorka Eizagirre)