Los 40 Summer Live musika jaialdiak hartuko du gaur iluntzean Zarauzko malekoia, baina, herritar guztiak ez daude aipatu hitzorduarekin ados. Kontrako jarrera hori adierazteko asmoz, herriko hainbat eragilek kontraegitaraua antolatu zuten atzo: Los 40ri ez! Karropoteoa eta kontzertuak egin zituzten, eta talde argazkia ere atera zuten.
Zehazki, Danda gazte asanbladak, Arraio Irratiak, Lege Berriak eta Zarata Zarautzek bultzatu zuten atzoko hitzordua. Plaza Gorrian elkartu ziren sustatzaileak zein deialdiarekin bat egin zuten dozenaka herritar, eta karropoteoaren erritmoan malekoira, Dama parera, joan ziren. Han, kontzertuei hasiera eman aurretik, argazki jendetsua atera zuten.
Udalak antolatutako musika jaialdiaren aurkako jarrera arrazoitzeko ondorengoa azaldu zuten Los 40ri ez! jaialdiaren sustatzaileek: "Zarautz munduko eta Espainiako turismoaren eskaparatean jartzen da betikoak turismoaren kontura aberasteko, eta udalak kristoren diru partidak bideratzen ditu jaialdi honetara, herriko festei eta eragileei bideratu beharrean". Hori ez ezik, antolatzaileek salatu zuten herriko eragileei "oztopoak" jartzen zaizkiela.