Gutuna

Zaldibia batxilergoko jatorrizko eskuizkribua eta VIictoriaren maketa

Sebas Martija Arruti 2026ko abuztuaren 2a

Zarauzko Udala Victoria ontziaren maketa ematen. (Utzitakoa)

Sebas Martija Arrutik honako gutuna helarazi dio Zarautz Gukari. 

Lehen aldiz publikoki albiste pozgarri bat iragarri nahi dut. Zarautz Victoria ontziaren eraikuntza lekutzat jotzen duen bertsioa, behin betiko adierazten duena.

17 urte haren bila ibili ondoren, 1564an Zaldibia batxillerrrak idatzi zuen jatorrizko eskuizkribua, aurkitu dut. Bertan nao Victoriari buruz hau irakurri dezakegu: “fabricose en Guipúzcoa en la villa de Çarautz”.

Gogoan dut zer esaten zuten historialari batzuek 2022ko irailean Zarauzko Udalaren eta nire aurkako idatzi batean: “Toda su teoría se basa en un supuesto apunte que aparece en un trabajo de Martínez de Zaldibia de 1564 sobre la construcción de una nao en Zarautz en 1515...” “La base de todo su argumento es lo que dicen 2 personas del siglo XIX (refiriéndose a Pablo Gorosabel y Nicolás de Soraluce) sobre una copia manuscrita que no se conserva, no tenemos acceso a ese manuscrito, nos tenemos que fiar de terceros”.

Dagoeneko ez dugu zertan hirugarrenekin fidatu behar, liburua aurkitu degulako. Eta gainera, orain badakigu, Gorosabel eta Soraluzek liburu hori aurkitu eta Zarautzi buruz idatzi zuten azkenak ez zirela izan. Jose de Artetxe eta Fausto Arocena izan ziren azkenak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Artxiboan lan egiten zutenean. Artetxek horren berri idatzi zuen 1972ko "Elkano" liburuan eta horregatik genekien, baino Arozenak aitortzen du Zarauzkoa irakurri duela, berak idatzitako eta Zaldibiko liburuaren barruan aurkitzen den gutun batean, eta horren berri orain eduki degu. Arozenaren eskutiz horren datak, 1949ko azaroak 14, adierazten digu liburu honek 77 urte daramatzala desagertuta, aurkitu dugun arte.

Zaldibiak idatzitako liburu hau, esku pribatuetan dago eta bere jabeek adituekin kontsulta egin ondoren, bere balioa kalkulaezina dela jakinarazi didate. Hemendik aurrera eta aurkikuntza honek duen garrantzia ikusita, futboleko entrenatzaile jubilatu batek ezin du gehiago egin, eta liburu horren jabeek baimena ematen badidate, Zarauzko Udalaren eskutan jarriko dut informazio guztia. Suposatzen dut liburu hau jabetza publikora ekarri nahi bada, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak esku hartu beharko dutela, bertan, Zarautzi buruz idatzitako oharraz gain, "Suma de las cosas cantábricas y guipuzcoanas" liburu hau, Gipuzkoari buruz idatzi den lehen historia delako. Baina benetan eskatzen diot Zarauzko Udalari, gai honi buruz zerbait egiten bada, adi egon dadila azken urteetan gertatutakoa ikusita, liburu hau aurkitzerik nahi ez zutenak gai dira 462 urte dituen jatorrizko liburu bat desagerraraztea edo orrialde bakar bat erauztea; 18garren kapituloko azken orria:“fabricose en Guipúzcoa en la villa de Çarautz” adierazten duena.

Horretaz gain eta berari lotuta, Elkano getaiarraren heriotzaren V. mendeurrena bertan dagoela aprobetxatuz, eskaera bat egin nahi diot Zarauzko Udalarari: Victoria ontziaren maketa itzultzeko eskatzea Getariako Udalari. Zarauzko Udalak lehen mundubiraren 450. Urteurrenan, Gereka anaiei eskatu zien maketa hori egitea eta oparitu zion Getariako udalari ontzia Zarautzen eginda zegoela gogoratuz.

Itzulketa hori ezinezkoa bada, Zarauzko Udalari eskatzen diot adieraz diezaiola bere atsekaberik sakonena Getariako Udalari, azken urteetan Zarautzek balentria historiko honetan izan duen presentzia ezkutatzeko egiten ari den etengabeko ahaleginagatik.

Eskaera honen arrazoia hau da: Getarian, urte askotan zehar, ontziaren jatorri zarauztarra gogora ekarri duten bi elementu izan dira:

1- Aurreko turismo bulegoan zegoen erakusketan, lehen mundubira osoa laburbiltzen zuen kartel handi bat zegoen sarreran. Bertan, honako hau irakur zitekeen: “Eta badira Victoria ontzia Zarautzen eraiki zela iradokitzen duten ebidentziak. XVI. mende amaierakoa izan litekeen eskuizkribu batean, orri-marjinako ohar batean, honakoa irakur dezakegu Elkanoz eta Victoria ontziaz ari dela: “fabricose en Guipúzcoa en la villa de Çarauz. Por cuenta del capitán Juan Sebastián Elcano cuyo solar es de Aya”

2- Getariako Udaletxeko pleno aretoan, Victoria ontziaren maketa bat dago ondorengo idatziarekin: Nao Victoria ontziaren Bir-egiña. “Getariko Elkano tar Juan Sebastianek, ludiari lehendabiziko aldiz bira emandako itxas-ontziaren maketa. Zarautzko udaletxeak Getariko udaletxeari lareun da berrogeita amar garren urte urrena dela-ta, eskeintzen dion bezuza, bi errien arteko anaitasun sendoaren eredugarri bezela. Egileak: Guereka anaiak. Zarautz.”

1972ko irailaren 7an, honako hau adierazten zuen La Voz de España egunkariak: “Tras dicha recepción, el teniente de alcalde del Ayuntamiento de Zarautz, don Gervasio Juaristi, pronunció unas palabras, con las que ofrecía al Ayuntamiento getariarra una maqueta de la nao “Victoria”, ya que dicha nao fue construida en astilleros zarauztarras. El acto de ofrecimiento se cerró con un abrazo de los alcaldes de ambas villas vecinas. Finalizó así el acto oficial”

Eta horrela aipatzen zuen Diario Vasco egunkariak egun bertan: “Finalizaron los actos con la entrega por parte del ayuntamiento de Zarautz al de Getaria, de una reproducción de la nao “Victoria”, nao que precisamente fue construida en astilleros zarauztarras.”

Getariako Zarautz Jauregian aurten inauguratu den "Elkano mundubira espazioa" erakusketa berrian, bi elementu horietako bat bera ere ez degu aurkitzen, eta Jauregiaren izenaz gain, Zarautz hitza, ez da ezertarako azaltzen. Are eta mingarriagoa da, erakusketa horretan lehen mundubirarekin zerikusirik ez duten itsasontzien 3 maketa aurkitzea, eta Getariako udalak Victoria ontziaren maketarik onena izanda, ez erakustea. Gereka anaiek egindako maketan eta berarekin dagoen idatzian, Zarautz hitza 6 aldiz irtetzea da arrazoia.

Nolanahi ere, beti da hobea gatazkak modu baketsuan konpontzea, eta denbora dago hori gauzatzeko. Getariako Udalak, Victoria ontziaren maketa lehen mundubiraren erakusketan dagokion lekuan kokatuko baluke, eta abuztuaren 7an Zarautz eta Getariako alkateak, lehorreratzeko ekitaldiaren buru elkarrekin balira, 1972garren urtean aipatzen zen bi errien arteko anaitasun sendo hori, bueltan izango genuke.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet urte hauetan basamortuko zeharkaldi honetan lagundu didatenei. Batezere Xabier Txurruka Zarauzko alkateari, norabide guztietatik jasoko zituen presio guztiei aurre eginez, etengabeko babesa eman didalako eta oso urbil sentitu dudalako beti.Eta bukatzeko hausnarketa bat: “Bizi-bizirik eusteko ez bada, zertarako da Ondarea”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide