Iritan 130 babes ofizialeko alokairuko etxebizitza eta 100 zuzkidura bizitoki eraikitzea ahalbidetuko duen hitzarmena onartu zuten aho batez uztaileko ohiko udalbatzarrean, eta PSE-EEk positibotzat jo du hau. Izan ere, Inaxio Illarramendik azpimarratu duenez, "Iritak 230 aukera berri ekarriko ditu gazteek, familiek eta langileek beren bizi-proiektua Zarautzen garatu ahal izan dezaten".
Sozialistak udalbatzan adierazi zuenez, Irita Zarautzen azken denboran eraiki den babes publikoko proiekturik "handiena" da, eta, haren ustez, "aukera emango die herritarrei, langileei eta gazteei Zarautzen bizitzeko". Gainera, "alokairu publikoko etxebizitza parkea handitzea ahalbidetuko du, eta benetako alternatiba eskainiko die, lana eta diru-sarrera egonkorrak izan arren, egungo etxebizitzen prezioei aurre egin ezin dietenei", nabarmendu du.
Jarduketa hau Aldapeta, Salberdin eta Lanpardoko sustapenei gehitzen zaiela gogorarazi du PSE-EEk. Iritarekin batera, "entregatutako, eraikitzen ari diren eta aurreikusita dauden babes ofizialeko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien kopurua 456ra iritsiko da". Hala ere, Ilarramendik uztaileko udalbatzarrean "ez dela nahikoa" adierazi zuen, eta horregatik, Zarautz eremu tentsionatu izendatzea eskatu zion berriro ere udal gobernuari: "Irita urrats historikoa da, baina etxebizitza publikoa eraikitzen jarraitu behar dugu, eta Zarautz eremu tentsionatu izendatzeko bidean ere aurrera egin behar dugu. Bi neurriak beharrezkoak dira gure herrian bizitzeko aukera familia ondarearen menpe egon ez dadin".