Etzi jokatuko dute Kale Pilota txapelketa Zarauzko malekoian

Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 1a

Laia Salsamendi, Nora Mendizabal, Goiuri Zabaleta eta Olatz Arrizabalaga. (Emakume Master Cup)

Frontoi eramangarri batt jarriko dute lehen aldiz Zarauzko malekoian, Kale Pilota txapelketa jokatzeko. 21:00etan hasita, Laia Salsamendik, Nora Mendizabalek, Goiuri Zabaletak eta Olatz Arrizabalagak neurtuko dituzte indarrak.

Datorren astelehenean, abuztuaren 3an, Kale Pilota txapelketa jokatuko dute Zarauzko malekoian, Dama parean. Lehen aldiz, frontoi eramangarri bat jarriko dute, eta jokamolde berri batean ariko dira pilotariak, buruz buru, 21:00etan hasita; one wall eta handball modalitateen ezaugarriak eta ezker paretako pilota uztartzen ditu, hain zuzen ere, molde berriak. Txapelketa EITBk eskainiko du bere euskarrietan.

Lehen finalerdian, Laia Salsamendik eta Nora Mendizabalek neurtuko dituzte indarrak; bigarrenean, berriz, Goiuri Zabaleta eta Olatz Arrizabalaga ariko dira. Ondoren, bi finalerdien irabazleek jokatuko dute finala.

Ekitaldi nagusia baino lehen, Zarauzko pilota klubeko gaztetxoek ere izango dute frontoi berrian jokatzeko aukera. 18:00etatik 20:00etara; hemezortzi partida jokatuko dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide