Lau zarauztar arituko dira gaur hasiko diren jubenil mailako nazioarteko txapelketetan. Markel Errastik Europako eskubaloi txapelketa jokatuko du Serbian, Espainiako selekzioarekin. Ezker hegalekoak denboraldi bikaina burutu du, eta Bidasoa Irun taldeak fitxatu du datozen hiru denboraldietarako. Nagore Alza, Elene Fresco eta Nora Merino ere Espainiako selekzioarekin arituko dira, Errumanian, Munduko txapelketa jokatzen. Alzak eta Merinok ZKEko eskubaloi klubean jokatzen dute eta, Frescok, berriz, Bera Beran.
Errastiren taldeak gaur emango dio hasiera txapelketari, 19:30ean, Austriako selekzioaren aurka. Multzoen faseko beste bi partidak bihar eta larunbatean jokatuko dituzte. Biharko partidan Faroe Uharteak izango dituzte parean, 19:30ean. Larunbatean, berriz, Finlandiako selekzioaren aurka neurtuko dituzte indarrak, 14:30ean. Bigarren ligaxkari abuztuaren 3an emango diote hasiera, eta txapelketaren finala abuztuaren 9an izango da. Partida oro Europako Eskubaloi Federazioaren webgunetik jarraituko ahalko da.
Alza, Fresco eta Merino ere gaur hasiko dira Munduko txapelketa jokatzen, 10:45ean, Gineako selekzioaren aurka. Hauek ere, lehen ligaxkako beste bi partidak bihar eta larunbatean jokatuko dituzte. Bihar Uzbekistanen aurka arituko dira, 10:45ean eta, larunbatean, berriz, Alemaniako selekzioa izango dute parean, 13:00ean. Gizonezkoen selekzioaren antzera, hauek ere abuztuaren 3an hasiko dute bigarren ligaxka, eta txapelketako finala abuztuaren 9an izango da. Emakumezkoen partidak jarraitzeko aukera, berriz, Nazioarteko Eskubaloi Federazioaren webgunean egongo da.