Erretratua

Nagore Arruti: "Arraunak balio asko irakasten dizkizu, eta konpromisoa da horietako bat"

Intza Trula, Gorka Eizagirre eta Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 22a

Hirugarren urtez da Nagore Arruti Zarautz Arraun Elkarteko lehendakari. Aurretik, batzordeko kidea izan zen, eta, bere ustez, taldean jardutea da arrakastaren gakoa. Alde horretatik, "inoiz" ez da bakarrik sentitu. Uztaileko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako bideo elkarrizketa da honakoa.

Hirugarren denboraldia du Nagore Arruti zarauztarrak Zarautz Arraun Elkarteko presidente karguan. Jon Artolak hamar urte eman zituen postu horretan, eta Arrutik 2024an hartu zion lekukoa. Dagoeneko hasiberria ez den arren, oraindik ere "ikaskuntza prozesuan" dagoela aitortu du, "beti baitago zerbait hobetzeko, eta kirolean are gehiago".

Lehendakari postua duela hiru urte hartu bazuen ere, Arrutik arraunarekin duen lotura lehenagotik dator. Hainbat klubetan ibilitakoa da: Zarautz-Getaria eta Donostiarra taldeetan, hain zuzen ere. Bost urtez arraunlari izan ostean, uzteko garaia heldu zitzaiola erabaki zuen, baina kirol horretatik aldendu nahian, gehiago gerturatu zen; izan ere, ZAEko gizonezkoak Eusko Label ligara igo ziren urte hartan, eta laguntzeko asmoz, klubeko batzordean sartu zen Arruti. Gainera, bikotekidea ere arraunlaria du.

Lehendakari izateak, norbanako modura, badu bere ardura, baina Arrutik dio garrantzitsuena "taldean jokatzea" dela. Alde horretatik, harro dio inoiz ez dela bakarrik sentitu: "Gauzak guztion artean egiten ditugu, nahiz eta momentu puntualetan nire figurak pisu gehiago eduki". Noiz edo noiz kargua handi geratu zaiola ere kontatu du, baina beti egin du aurrera: "Arraunak, beste hainbat gauzen artean, konpromisoa zer den erakusten dizu, eta ni klub honekin konprometitu nintzen, beraz, segitu egin behar da gogorra egiten denean ere".

Hamaika oroitzapen

Uretan igaro zituen urte haietatik oroitzapen ugari gordetzen ditu Arrutik. Politak "bat baino gehiago", baina "garrantzitsuenak" Kontxako Banderarekin lotutakoak direla dio. Esaterako, Zarautz-Getaria traineruarekin Kontxan lehendabizikoz sailkatzea lortu zuten denboraldia du gogoan. "Lehenengo igandean Caboren aurretik sailkatzea lortu genuen, eta bigarrenerako ohorezko txandan sartzea. Amets bat izan zen", dio, irribarretsu. Aitzitik, unerik gogorrenak "uretan lehiatzetik kanpo" geratu denean bizi izan ditu.

Etorkizunean zer gertatuko den ez daki Arrutik, eta "zaila" izan arren, aitortu du ez duela guztiz baztertzen uretara itzultzearen ideia: "Gustuko dudan zerbait da azken finean".

  • Adina: 41 urte.
  • Ikasketak: Haur Hezkuntzako gradua.
  • Lanbidea: irakaslea.
  • Irakaslea ez banintz… dendaria izango nintzateke, artisau produktuak dituen dendatxo batean.
  • Egitekoak amaitzean gogoko dut… semearekin jolastea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide