Atzera begira

Auzolana

Ondharez elkartea 2026ko abuztuaren 10a

Auzolanean egiten zen, esaterako, mahatsa biltzeko lana. (Ondharez)

Ondharez elkarteak uztaileko Zarautz Guka aldizkarirako idatzitako artikulua da honakoa.

Behin baino gehiagotan esana badago ere, ez dago gaizki beste behin errepikatzea Ondharez taldearen lanerako bidea eta helburua Zarauzko ondarea gorde eta babestea dela; arriskuan dagoela ikusten dugun ondarea, batik bat.

Asko da gorde edota babestu dezakeguna: eraikuntzak, baserriak, eskulturak, artisauek edo artistek egindako lanak, irudiak, argazkiak, tresnak, lantegiak, industriak, dendak, saltoki zaharrak, antigoaleko lanabesak… hau da, hainbat eraikuntza, gai, material eta tresna. Baina horretatik haratago joan nahiko luke gure taldeak, eta "gauzak" gorde eta babeste lan horietan beste hainbat ere sartu nahi genituzke.

Esate baterako, ezagutu nahiko genuke nolakoak ziren antigoaleko hainbat lanbide, nola konpontzen zituzten "gauzak" zaharkitutakoan; jakin nahiko genuke nola ziren gure amonek egiten zituzten opil goxoen errezetak, nola konpontzen zituzten galtza barrenak, zer nolako lanak zituen otarre bat egiteak, nola ferratzen zuten behorra, nola egiten uztarria…

Horiek hainbat lan egiteko prozedurak dira, eguneroko gaiekin eta materialekin lotura duten kontuak. Horietatik urrutirago ere joan nahiko genuke, eta ikertu eta ezagutu nolakoa zen gu baino zaharragoek osatzen zuten gizartea, nolakoak ziren haien arteko harremanak eta portaerak, haien hizkera. Nola konpontzen zituzten gure arbasoak elkarren arteko harremanak era egokian eta baketsuan antolatzeko? Zer eratara moldatzen ziren beraien arteko antolakuntza eta erlazioak eraginkorrak eta erabilgarriak izan zitezen?

Esan nahi da, gure aurrekoek bazituzten hainbat gizarte harreman eta kultura portaera antolatuak, era zibilizatu edo "hiritartuan" aritzeko; era adeitsu eta ahalik eta justuenean moldatzen ziren elkarren artean, eta gaur egun erdi galduak edo ahaztuak ditugu modu horiek: hori ere ondarea da guretzat. Zenbaitetan, galtzear dauden balioak dira gure gizarte gero eta indibidualistago honetan.

Ondare ez materialez ari gara, beraz, elkarri laguntzeko antolatutako ekintzez (kooperatibak, terramak, elkarteak, anaitasunak…), festak antolatzeko eraz, kolektibo zaurgarriei (soldadutzara zihoazen kintoa, umezurtza, txiroa, zaharra…) laguntzeko elkarteez, sute edo zoritxarra izan zutenen sostengurako zirenez, familia bakar batek berez egin ezin zituen lanetarako auzolanaz eta beste zenbait ekintza edo ohiturez… eta horietatik, auzolana da atal honetan aipatu nahi duguna.

Egiaz, ez da erraza auzolanaren kontuari neurrian eta hotzean heltzea. Aho askotan erabili izan den hitza da auzolana, eta badu halako idealizazio kutsu bat ere; bedeinkapen gehiegitxo jaso ditu, beharbada, denek eman baitute ontzat, ezker muturreko anarkismotik hasi eta kristautasun eskuinekoraino. Hain ona al da auzolana? Komeni zaigu ezagutzea, dena dela.

Esan ohi da auzolana gizakion arteko berdintasunezko eta ahizpa-anai-arrebatasun maila goreneko harremana dela: denak berdinak denon arteko ekintza burutzeko, helburu komuna eta berdintasunezko harremana. Ikuspegi horretatik esan daiteke gizarte harreman ideala izan daitekeela, baina auzolana ez da idealismo sutsuan oinarritutako ekimen altruista. Auzolanean aritzen denak eman adina jaso nahi izaten du, edota komunitatearen eginbeharrak denen gainean hartuz, haiek ekarritako ondasunen partaide izan. Laburrean: nik bakarrik ezin dezaket egin, besteekin elkartuta guztiontzat onurak izango ditugu: elkar gaitezen.

Hala eta guztiz, ezin geniezaioke auzolanari kendu berezkoa duen balioa. Benetan miresgarria da horrelako antolakuntzaren bidez komunitateak konpontzea familia bakarrak konpon ezin zituen hainbat arazo, eta, batez ere, miresgarria auzolana bezalako antolakuntza prestatzeko gaitasuna zuen gizartea existitzea.

Urrutiko gauza dirudi, gaur egungo gizartean gero eta zailago baita auzolana bezalako zerbait antolatzea: gehienetan, ez gaude horretara jarriak. Nolabait esateko, gure ordezkarien eskutan utzi ditugu gure erantzukizunak, eta larrialdi batean (uholdea, sua, istripua…) ordezkari horien galdean hasiko gara berehala (babes zibilaren laguntza eskatuko dugu, edo suhiltzaileetara edota ertzainengana jo). Zail egiten zaigu geure artean ezer antolatzea. Gure neurritik gaindi geratzen diren lanak (mendi bideak txukuntzea, denonak diren eraikuntza edo baselizak zaintzea…) besteen eskuetan (suhiltzaileak, bidezainak, ertzainak…) uzteko joera dugu.

Egia da badirela, zorionez, lehengo auzolana gogora ekartzen diguten ekintzak, elkarren babesean antolatuak, eta borondate onez eta elkartuz eginak. Idazki honen asmoa da duela berrogi-berrogeita hamar urte ohikoa zen auzolan bat edo beste gogora ekartzea, ea auzolanaren espiritua berpizteko balio duten!

Auzolanean egiten zen, esaterako, mahatsa biltzeko lana. Hainbat mahastizale elkartzen zen eta familia horien artean egiten zen auzolana. Talde bakoitzeko mahatsak noiz bildu erabakitzeko, denen artean erabakitako "honbrebuenoa" izan ohi zen antolatzaile. Hark esaten zuen zein mahastitan zegoen mahatsa helduena eta zein izango zen mahats bilketa egiteko ordena.

Lanerako, etxe bakoitzetik eraman ohi ziren kopa otarreak eta poda guraizeak, eta gero nahasi ez zitezen bakoitzak markatzen zituen bere tresnak bere ikurrarekin. Esate baterako, lanabes eta otarreetan koxka batzuk egin ohi ziren (igitaiarekin edo poda guraizeekin) heldulekuan edo beste leku jakin batean.

Auzolanean jatorduen eta edarien erritoak zehatzak ziren oso. Zarautzen, esate baterako, dolareko lanetan afaria olagarro zopa eta xerra piperrarekin izan behar zuen, eta arratsaldeko askarian Mantxako gazta. Edaria, berriz, ardoa (eta inola ere ez sagardoa). Arauak arau ziren.

Dolareko lanak ere, mahatsa jotzea eta muztioa ateratzea, auzolanean egiten zituzten, ez bakarrik mahatsa biltzea, eta mahatsa jotzeko lanak luze irauten zuenez, afaria dolarean bertan egin ohi zuten (aurrez zehaztutako jakiekin, jakina).

Mahastietako lanetan bezalatsu, baserriko beste hainbat ekintza ere egiten zuten auzolanean. Beste hainbeste lanen artean, artazuritzea, gari jotzea eta lihoaren lanak auzolanean egiten ziren.

Artoa soroetan uzten zuten ondo heldu arte eta udazkeneko egun eguzkitsu batean (hego haizearekin bazen hobe) etxeratzen zuten, eta etxe barruan pilatzen. Arto horiek zuritzea (artaburuaren arta zorro zuria ia erabat kendu eta ganbaran zintzilik jartzeko prestatu) lan aspergarriegia zen gutxi batzuen artean egiteko, eta auzolanean egin ohi zuten. Ohikoa zen ipuin eta istorio-misterioak kontatzea bitartean. Ekintza eta une berezia izan ohi zen baserriko bizitzan.

Gari jotzea ere auzolanean egin ohi zuten, gari jotzeko makina ibili ohi zuten baserriz baserri, eta arreta handia behar zen makina horrekin. Baziren eskua galdu zuten bat baino gehiago!

Lihoaren lanak amaigabeak omen ziren, eta emakumeen bizimoduari estuki lotuak (baina hori argitzeko liburu oso bat beharko litzateke).

Bestalde, urrutiko baserrietako edo auzoetako bideak (kamineroek zaintzen ez zituztenak, diputazioenak-edo ez zirelako) garbi eta txukun mantentzeko auzolanean garbitzen eta berritzen zituzten. Auzolan mota horri danda deitzen zitzaion.

Oro har, ohituren memorian eta ahozko literaturan garrantzi handia zuten auzolanean egiten ziren ekitaldi horiek guztiak, nekazari jendea lan horiek zirela medio elkartzen baitzen eta gizarte harremanak mantentzeko bide izateaz gain (zenbait garaitan ez zen erraza, esaterako, harreman horiek inguru "normal" batean izatea), transmisio gune izaten baitziren (hori dena ondo kontatzeko beste liburu bat beharko litzateke!).

Auzolanaren tradizioa ez da erabat galdu oraindik, askotan kasu bereziak eta behin-behinekoak badira ere. Azken urteetan auzolanean egin dira, esaterako, Pagoetako bordaren berritzea, Zarauzko Poligonoko urbanizazioa (arrosadia barne), Santa Engraziko baselizaren txukuntze lanak, hainbat herrietako gaztetxeen antolaketak… Lehengo ohitura zaharren itzalak irauten du oraindik…

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide