Beste behin, 3x3 txapelketa antolatu du ZAST Zarautz Saskibaloi Taldeak uda parterako. Abuztuaren 28tik 30erako asteburuan jokatuko da kaleko saskibaloi txapelketa, eta izena emateko epea zabalik dago jada.
Junior eta kadete mailakoak izango dira lehiatzen aurrenak, abuztuaren 28an, ostiralarekin, hau da, 2009-2010 eta 2011-2012 urteen artean jaiotako gaztetxoak. Arratsaldez lehiatuko dira horiek.
Abuztuaren 29 goizean, larunbatarekin, infantilak lehiatuko dira, 2013-3014 urteetan jaiotakoak, eta arratsaldean, berriz, kuadrillen txanda izango da –2010. urtea baino lehenago jaiotakoentzat–.
Igandean ere, hilaren 30ean, goizez eta arratsaldez izango dira lehiak. 2015, 2016 eta 2017 urteetan jaiotakoen txanda izango da goizean –Mini txapelketa izena jarri diote–, eta arratsaldean, aurtengo edizioari amaiera emateko, Gisaski txapelketa jokatu dute seniorrek.
Izena emateko
Izena online eman behar da, taldeka, esteka honetan. Bertan dago maila bakoitzari buruzko informazio xehea, baina telefonoz ere galde daiteke, 623 169 554 zenbakira deituta edo idatzita. zastzarautzsaskibaloia@gmail.com helbidera idaztea ere badago, nahi izatera.
Kostuei dagokionez, mini, infantil, kadete eta junior txapelketetan izena emateko talde bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu, eta jokalari bakoitzak 5 euro.
Kuadrillek, taldeko 25 euro eta jokalari bakoitzak 5 euro eman beharko ditu, eta Gisasi txapelketan aritzeko, berriz, taldeko 50 euro ordaindu beharko da.
Izena emateko epea abuztuaren 28an amaituko da, eguerdiko 12:00etan.