Villa Elizabeth partzelan eraiki ahal izateko HAPOaren aldaketa aztertuko dute biharko udalbatzarrean

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 27a

Villa Elizabeth eremua. (Aritz Mutiozabal)

Ohi bezala, 19:00etan hasiko da uztaileko osoko bilkura. Aipatu puntuaz gain, beste bi aztergai garrantzitsu landuko dituzte: Iritako alokairuko etxebizitza publikoak eta zuzkidura bizitokiak eraikitzeko hitzarmena, eta nertzainei egindako mehatxuak gaitzesteko mozioa.

Uztaileko ohiko udalbatzarra egingo dute bihar, 19:00etan hasita, udaletxeko pleno aretoan. Hainbat puntu izango dituzte aztergai, eta horietako bat izango da Villa Elizabeth partzelari eta lurzoru urbanizaezinean dagoen 1. poligonoko 9. partzelari buruzkoa. Hain justu ere, eremu horretan Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren (HAPO) aldaketaren behin-behineko onespena ematea erabakiko du udalbatzak.

Aurrez ere aipatu eremuaren eraikigarritasuna handitzeko Plan Orokorrean aldaketak egitea onartu zuten iazko urrian eginiko udalbatzarrean, EAJren eta PSE-EEren babesarekin; EH Bilduk, aldiz, bere desadostasuna erakutsi zuen. Izatez, Villa Elizabethen luxuzko hemezortzi etxebizitza pribatu eraikitzea da asmoa; eta trukean, Zarauzko Udalak 10 mila metro koadroko lursail urbanizaezin bat jaso zuen hitzarmenarekin.

Horrez gain, bitarteko funtzionarioak hautatzeko eta lan-poltsak kudeatzeko prozesura arautzen duen erreglamendua aztertuko eta bozkatuko dute, baita 2025. urteko kontu orokorra ere. Horrez aparte, Zarauzko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako etxebizitza eta hiri agenda sailaren arteko hitzarmena onartzea aztertuko dute, Irita-alokairuko babes publikoko etxebizitzak eta zuzkindura-bizitokiak sustatzeko.

Azkenik, EAJ eta PSE-EE udal taldeek aurkeztuko duten mozioa jorratuko dute, ertzainei egindako mehatxuak gaitzesteko eramango dutena.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide