ZKEko Areto Futboleko atalak antolatuta, Zarautz Futsal Cup txapelketa jokatu dute asteburuan hirugarren urtez jarraian. Atzo goizean eman zioten hasiera txapelketari, eta gaur arratsaldean amaitu da. Guztira, 27 taldek hartu dute parte aurtengoan, azken edizioan baino sei gehiagok.
Atzo egun osoan zehar jokatu zuten multzoen fasea, Aritzbatalde kiroldegian eta Lizardi kirol aretoan. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak Ligako fasera sailkatu ziren, eta gainerako guztiak Kopako fasera. Gaur izan da Ligako eta Kopako faseen txanda. Kopako finala 16:00etan jokatu dute, Portillo eta Chaparritos FC taldeek. Partida estu baten ostean, Chaparritos FC gailendu da, 0-1eko emaitzarekin. Ligako finala ere, ildo beretik joan da. Peri Juniors eta Amigos do Munastro taldeak iritsi dira finalera, eta bigarren hauek lortu dute partida irabaztea, penaltietan 4-5 gailendu ostean.
(Argazkiak: Pelaio Eizagirre)