Bezperan ausaz ostatutik hartutako bat, ezeren arrastorik, frogarik ere, ez zeukana. Liburu horri begira hausnarrean ari zela, atean jo, eta soldadu gazte bat sartu zen.
–Jauna –esan zuen urduri samar–, premiazko komunikatua dakarkizut –eta telegrama bat luzatu zion–: "Bake akordioa sinatuta - eskualdea haien esku - 24 ordu zure errejimenduarekin bertatik alde egiteko - edozein gerra ekintza bertan behera - askatu atxilotuak - zabaldu eta eman dagozkion aginduak".
—Ederki –esan zion soldadu gazteari–, etxera bueltatzen gara. Egon hemen ofizialei zabaldu beharreko aginduak prestatzen ditudan bitartean.
Kapitaina idazten hasi eta berehala, soldaduak mahai gainean zegoen liburuari erreparatu, eta galdetu zion:
—Jauna, har dezaket?
—Bai, honek luze samar joko du, eta, nahi baduzu, eser zaitez –erantzun zion kapitainak, eskuaz ondoko sofa seinalatuz–.
Kapitainak aginduak idazten bukatutakoan, soldadu gaztea sofatik altxatu zen, liburua berriz bere tokian utzi zuen, aginduak jaso zituen, eta aterantz jo zuen. Ateratzear zegoela, buelta eman, eta bota zuen:
—Dena dela, oso inprenta txarrean egina da, jauna, oker asko ditu eta.
Bazihoala, kapitainaren ahotsa aditu zuen:
—Zer esan nahi duzu?
—Jauna –erantzun zuen–, bizitza zibilean inprimategi batean lan egiten nuen, kajista nintzen, eta horregatik begi zoliak ditut okerrak berehala ikusteko. Eta liburu horretan mordo bat dago.
—Erakutsi –esan zion kapitainak, eskuarekin berriro sartzeko agintzen ziola–.
Liburua eskuetan hartu, eta okerrak erakusten hasi zen:
—Hemen, hugei idatzi dute, baina hogei beharko luke; beste orrialde honetan aperil ageri da, apiril-en ordez; beste honetan law, lau beharrean; eta hemen, logun, lagun-en ordez.
—Nahikoa! –bota zion kapitainak–, joan zaitezke.
Eta, gero, bakarrik, pentsakor geratu zen tarte batez. Porrotaren mina eta lotsa, engainuak sortutako erresumina eta, aldi berean, zama bat kentzearen sentsazioa... dena batera.
Altxatu, eta leihora joan zen. Ederki asko oroitzen zen apirilaren 20an gertatutakoaz, lau lagun... "Berandu harrapatu haut, baina!", pentsatu zuen. Eta leihotik azken begirada bota zuenean, zera ikusi zuen: maisua plazan barrena aldentzen.