Sendatu gabe jarraitzen duen zulo bat egin nuen belarrian duela hiru hilabete Madrilen izan nintzenean, lagunari egindako bisitarekin betiko oroitzeko aitzakiarekin edo, zaharra naizenean eskuineko conch-ak soilik gogoratuko balit bezala non egon nintzen, zeinekin eta noiz, eta zenbat maite izan nuen. Beste belarritako bat jarri nahi izan nuen unibertsitateko lagunekin Tolosan (Okzitania) bidaian izan ginenean bigarren urteko azterketak amaitu ostean, baina bat sendatu gabe ezin beste zauri bat ireki, eta nik sendatzeke asko daukat oraindik.
Madrilen baino souvenir gehiago erostera behartua ikusi nuen neure burua Tolosan; zaharra naizenean bertan egindako daith bat ez badaukat, ez baitakit gogoratuko ote naizen non egon nintzen, zeinekin eta noiz, eta zenbat maite izan nuen. Hamahiru postal nahikoa izango zaizkidala espero dut.
Balizko ahanzturak sortzen didan beldurraren mirabe bizi naiz hein handi batean. Guztiarentzat oroigarri fisiko bat izateko beharra sentitzen dut uneoro, erakuslehio bat etxe banu, azalean iltzatzen badut hobe. Materialtasunetik haratago joatearen uste ustela besterik ez da gorputza markatzearena. Ukitzen ez den guztia zait garrantzizkoa eta hori gorde nahiko nuke nire baitan, baina ukitu ezin badut inoiz bizi izan dudanik ere zalantzan jartzen dut. Iheskorrak diren barre eta besarkadek ez didate balio, aukeran orbaina hartuko dut, postala ezinbestean. Badirudi ez naizela neure buruaz fio oroitu nahi dudanari eusteko; aldiz, joaten utzi behar diodanari daukadana baino indar gehiagoz heltzen diot.
Belarritakoa kendu eta zuloa ixten utz nezake, azken finean, hiru hilabeteren ostean alde eskuinaren gainean lo hartu ezinik jarraitzen dut, eta loaren erdian biratuz gero ere, kolpe batez esnatzen naiz belarritakodun lehen gaua balitz bezala. Baina honaino iritsi naizenez, ez al du merezi apur bat gehixego itxaroteak, guztiz sendatu arte?
Bi hilabete, berez, ez dira inondik inora ere gehiegikeria, conch batek guztiz sendatzeko behar izaten baitu horrenbeste, baina nik eskuin aldera begira hartu nahi dut lo berriro, sendatu naizela zalantzan jarri gabe, piercingean kostrarik gabe. Ez noa gustatuko litzaidakeen erritmoan, ez nuen uste belarritako bat horren mingarria izango zenik, are gutxiago minak horren luze iraungo zuenik. Horren luzea ari zait egiten sendatzea, ziur bainago ez balitz gauetan esnatzen nauen minagatik dagoeneko ahaztua nuela Madril, ahaztua nuela non egon nintzen, zeinekin eta noiz, eta zenbat maite izan nuen.
Oroigarriak bilatzearekin itsututa, unea bizitzea ahazten zaidala esango nuke sarri; baina ahaztu nahi ditudan hainbat zaurik ere esnatzen naute belarritakoaren minak baino sarriago, bortitzago; azalpean ere badirudi badela pareta bat kristalezko postalez betea.