Behatxuloa

Tautal jasangarriak

Alex Gurrutxaga 2026ko abuztuaren 8a

Jende ugari, Zarauzko hondartzako pasealekuan. (Intza Trula)

Uztaileko Zarautz Guka aldizkariko Behatxuloa atalean Alex Gurrutxagak idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Zibilizazioa ala basakeria. Asko gustatzen zait horrekin hastea. Gero, ikasleek barre egin ohi dute galdera-titular horren ondoren zertaz hitz egin nahi dudan azaltzen dudanean. Eta ez dut esango motiborik ez daukatenik. Gehitxo esatea da, badakit; bufoi xamar jartzen naiz (oso nire estiloko gauza), badakit… Baina arrazoi pixka-pixka bat ere badudala defendatuko dut hemen. Hori da abiapuntua: zibilizazioa ala basakeria. Eta hau gaia, beste modu batera esanda: gutxieneko idazketa arauak errespetatzea ala ez.

Ikusten nola iruditu zaizuen gehitxo esatea? Alex, ez pasatu… Bale, bale. Baina galdetu Arestiri eta 60ko hamarkadan hatxearekin borroketan ibili ziren guztiei. Hura zen Euskalherria, hura, erdia herbeste eta erdia hilargi.

Garai hartako gauzak, esango didazue akaso. Konforme, baina baita gerokoak ere. Adibide bat. 2013an, Nelson Mandela hil zenean, Espainiako egunkari ezagun baten lerroburua: "Muere, Mandela" (alegia, "hil bedi Mandela"). Komak ez direla hain gauza handia, baina… Titular hori nahiko basatia da, ez esan ezetz. Laster aldatu zuten, jakina. Ez dakit idatzi zuena koma bezala kenduko ote zuten.

Jar nadin serio: badakit gehitxo esatea dela erredakzio akatsek zibilizazioa eta basakeria bereizten dituztela. Badakit bufoikeria barkatzen didazuela. Baina, probokaziotik harago, sintoma bat seinalatzeko esaten dut. Beharbada, horri gehitu diezaiokegu kultura orokorrari dagokionez bizi dugun krisia. Gogoratzen nola Martinez-Almeida Madrilgo alkateak Carmina Buranaren ekitaldia ospatu zuen? "Culturilla general"-etik "nacional paletismo"-ra eta basakeria fatxomatxora.

Baina itzuli nadin umorera. Izan ere, Zarautzen, ez koma eta ez hatxe. Azkenaldian, onena garbiketan ibiltzen diren ibilgailuena da: txitean-pitean gogorarazten digute gure herria "jasangarria" dela. Eskerrak! Baina zer basatiri bururatu zaio halako lorea? Loriatu gaitezen, bada, zer arraio. Uda betean gauden honetan, turista-sardak salabardo-besoak zabalik hartzeko prest gaudenean, ezin kexatuko gara: tautalak soportableak gara, biba gu!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide