Aran uharteetan arrantzaleek eramaten zituzten artilezko jertseek hizkuntza isila ehuntzen zuten; puntuz, txirikordaz eta errepikapenez. Jertse bakoitzak morse kode propioa zeukan, bakarra zen, hots, familia bakoitzaren nortasuna adierazteko modua.
Hori bera gertatzen zen lehen gure herrietan ere; kaleek, denda txikiek, ofizioek eta auzoko harremanek nortasuna ematen zioten udal bakoitzari, komunitatearen izaera, erritmo, ahots eta bizimodu ezberdinekin eraikiz.
Gaur egun, ordea, homogeneizazio eta globalizazio prozesuek gure herrietako ehun kulturala lausotu dute, eta arazoa ez da soilik estetikoa edo arkitektonikoa. Leku zehatzak desagertzen direnean, haiekin batera galtzen dira elkarrekin erlazionatzeko moduak, oroitzapenak, denbora bizitzeko erritmoak eta mundua ulertzeko erak ere.
Zer ari da gertatzen herrietako identitateekin? Azken urteetan, tokiko ofizio, denda eta espazio asko desagertzen joan dira: zapataginak, jatetxe txikiak, liburuvdendak, harategiak, arrandegiak… Horietako bakoitza galtzen denean, ez da soilik leku bat galtzen, herriaren nortasunaren eraikuntzan parte hartzen duen elkargune bat baizik.
Urtez urte, belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutza, hariz hari, inongo erresistentzia gabe askatzen doala dirudi, istorio bat gordetzen zuen korapilo bakoitza askatu arte.
Zorionez, badaude oraindik korronte nagusi hori motelarazten duten ekintzaileak ere, zenbait txokotan, orratza ez da guztiz erori. Uniformetasun grisaren aurrean, badira beren espazio propioak sortzen dituztenak, erraldoien aurrean, beren bitxikeria, kontraesan eta berezitasunak mantentzen dituztenak. Mundua homogeneizatzera datorren joera bortitz honen aurrean, intimoak eta pertsonalak diren istorioak kontatzen dituzten espazioak eraikitzen dituztenak.
Arango jertsea jantzi soila ez den bezalaxe, herri baten nortasuna ez da eraikin edo kale multzo hutsa ere, denboran zehar ehundutako memoria kolektiboa baizik. Eta hari batzuk hautsi edo lausotu arren, gure esku dago oraindik korapilo zaharrei eustea eta berriak egitea, gure istorio propioei ekiten jarraitu ahal izateko.
Izan ere, Arango jertseetan bezala, komunitate baten balioa ez dago perfekzioan edo uniformetasunean, baizik eta bere marra, korapilo eta irregulartasunen bidez konta ditzakeeen istorioetan. Horietan irakurtzen baita nor garen, nondik gatozen eta, agian, nora joatea nahi dugun.