Los 40 Summer Live bira ibiltariak geldialdia egingo du beste urte batez Zarauzko malekoian. Datorren ostiralean izango da jaialdia, uztailaren 31n, eta Espainiako zenbait artista entzutetsu zein promesa berri ariko dira zuzenean, 21:00etatik aurrera. Aurtengo ekitaldirako, gainera, "geratu gabe kantatzeko, dantzatzeko eta gozatzeko kartela" prestatu dutela azpimarratu dute antolatzaileek.
Ohi bezala, Dama pareko zabalgunean atonduko dute agertokia, eta David Alvarez Los 40 irrati kateko esatari eta DJ ezagunaren gidaritzapean, ondorengo artistak igoko dira oholtza gainera: Bombai, Vicco, Naiara, Lola Tuduri, La Beba eta Pikete.
Los 40 Summer Live jaialdiaren bira Caceresen (Extremadura, Espainia) hasi zen uztailaren 9an, eta Simancasen amaituko da abuztuaren 7an. Guztira, 22 hiritan eta herritan eskainiko du emanaldia uda sasoi honetan, eta aurten ere Euskal Herriko bakarra Zarautzen izango da.
Hori horrela, inguruko herrietatik jendea bertaratuko dela aurreikusi du Zarauzko Udalak, eta beste behin tren zerbitzu berezia jartzeko eskaera egin du. Beraz, dena ongi bidean, tren zerbitzua izango da datorren ostegun gauean zehar.