Atzera begira

Pelaio Deunaren ermitaren oroitzapenak

Ondharez 2026ko uztailaren 24a

Inurritza auzoan, Pelaio Deunaren ermitaren atzekaldea. (Zarauzko Argazki Artxiboa)

Aurten 175 urte bete dira San Pelaio ermita inauguratu zutela; 1851ko ekainaren 24ean izan zen, San Juan egunean. Baina urte bereko abuztuaren 31ra arte ez zuten ireki, garaiko kontzejuak Jacinta Iruretagoienari giltzak eman zizkion arte. Ondharez elkarteak Iñurritzako baselizaren historia jaso du maiatzeko Zarautz Guka aldizkarian, lehen pertsonan kontatuta.

Zarauztar adiskideok, Pelaio Deunaren ermita naiz, Iñurritzan eraikitako baseliza, Pelaio Deunaren egoitza. Arraroa egingo zaizue nik zuei idaztea, ermita baten testigantza jasotzea ez baita oso arrunta, baina esango dizuet zergatik ari naizen idazten: 2026ean nire urtebetetze berezia izango da, 175 urte beteko baititut.

Nire irekiera 1851eko abuztuaren 31ean izan zen, Jacinta Iruretagoienari nire ateetako giltzak entregatzeko erabakia hartu zutenean. Juan Jose de Belaunzaran Etxanike zarauztar arkitekto ospetsua izan zen nire diseinatzailea eta Ignacio Iburuzketa eraikitzeko ardura hartu zuen kontratista. Eta, nola ez, herritarrek lan handia egin zuten, auzolanean.

Urte asko igaro dira, dudarik gabe, eta urte horietan gertakari asko bizi izan ditut, bai nire barruan, baita kanpoaldean ere. Iruditzen zait esaldi hau oso ezaguna izango zaizuela: "Etxe honetako harriek hitz egingo balute…". Bada, hori da, hain zuzen, nik egin nahi dudana, nire harriei hitza eman.

Denbora gutxi barru beteko ditudan 175 urte hauetan milaka pertsona ezagutu ditut, era guztietakoak, adin ezberdinetakoak: sinestunak eta sinesgabeak, baserritarrak zein kaletarrak, umilak eta harroak, soldaduak, aristokratak, herrikoak, kanpotarrak, aberatsak, zertaz bizi ez zutenak, indarkeriaz baliatzen zirenak, bakezaleak… baita ezagutu ez dituzuen zuen familietako kideak ere (zuen heren-aiton-amonak, esaterako), erretoreak, serorak, errege-erregina bat edo beste… zertarako luzatu gehiago!

Nire paretetan gordeak dauzkat, sekretupean, jakina, makina bat elkarrizketa; konfesio, isileko kontu, ika-mika, istorio eta historia; salerosketa kontuak, gatazka hitzak, politikarien elkarrizketak (ez beti herriaren aldekoak), maiteminduen elkarrizketa gozoak, sermoiak, otoitzak, isilean egindako mesedeak, ezkutuko zein ageriko gaiztakeriak, salaketak; trikitilarien doinuak, dantzarien oihuak, familien kezkak eta pozak, bertsolarien saioak…

Idatzi honen bitartez zuekin partekatu nahi ditut konta daitezkeen nire oroitzapenetako batzuk. Badakit, hala ere, adinarekin memoria galtzen joaten dela, eta gauza asko harrietan geratuko direla ahotsik gabe, baina banoa gogoratzen dudana kontatzera ezer gehiago ahaztu baino lehen.

Lehen aipatu dizuedan bezala, 1851eko abuztuaren 31ean Jacinta Iruretatoienari ateetako giltzak emateko erabakia hartu zuten. Horregatik, nire jaiotza ofiziala egun horretan ospatzen dut, isil-isilean, noski. Badakit egun horretan bertan ruretatoienari adierazi ziotela egin behar zituen lanen zerrenda: limosnen kontuak eramatea, ermitan argia beti piztua izatea, argia mantentzeko olioa udaletik jasotzea, baseliza beti garbia edukitzea, zerbait konpondu behar zenean udalari informatzea, urtero udalari kontuen berri ematea... Beraz, eta eman zizkioten ardurak ikusita, nire lehenengo serora Jacinta Iruretagoiena izan omen zen, nahiz izendapen hori ez azaldu.

Badakit zuetariko batzuk ez duzuela jakingo zer den serora izatea, baina Euskal Herrian, aspaldiko garaian, itzal handiko norbait izan ohi zen serora, eta beti emakumea. Zeregin garrantzitsuak zituen serorak: momentu zehatzetan kanpaiak jo, beti dena prestatua eduki meza eta eukaristia ospatzeko, elizan errezoak zuzendu, inguruko baserrietan inor gaixorik zegoenean hura bisitatu eta, eskatuz gero, komunioa eraman, inor hiltzen bazen apaiza ailegatu baino lehen etxera edo baserrira hurbildu otoitz egitera, hildakoa prestatzen lagundu, hil kanpaiak jo… Labur esanda, kristau sinesmenak ohiko dituen erritoak eta zerbitzuak antolatzeko eta haiek gauzatzen laguntzeko ardurak eduki. Nik ezagutu ditudan azkeneko lauak Maria Eizagirre Maria Etxetxiki, Isabel Alkorta, Josefa Aizpurua eta Maria Antonia Leunda izan dira.

Galde egiten diot nire buruari ea duela 175 urte nolatan erabaki zuten ni eraikitzea. Eta eraikitzekotan, zergatik hemen? Saiatuko naiz erantzunak ematen nire paretetako memorian jasoa dudan informazioarekin.

Ni ez naiz Pelaio Donearen lehendabiziko ermita, bigarrena baizik. Lehenengo ermita noiz eraiki zuten ez dakit, momentuz. Lehenengo ermita hori XV-XVI. mendean eraikia izan omen zen, hareatzan, eta Zarauzko erdigunetik kanpo, eta urruti, gainera, Iñurritza ibaia itsasoarekin bat egiten zen inguruan edo. Hori da, behintzat, nik maiz entzun dudana.

Garai hartan Zarautz herriaren erdigunea, orain herriko erdigunea dagoen leku berean zegoen: urruti. Eta han, eliza handia, parrokia, kale txiki batzuen ertzetan etxeak, hurbilean zenbait baserri, lursailak, padurak, tamaina desberdinetako ontziolak, arrantzarako txalupak, erriberetako ordekak… Erdigunean eraikin sendoak zein etxe xumeak zeuden, populazio txikia. Garai hartako guzti horretatik gaurdaino iraun duena bada, baina ez asko: eraikin batzuk. Aipatzekoak dira Andre Mariaren Zeruratzearen eliza, horren ondoan kanpandorrea (Zarauzko aurreneko udala ote?), Narros Jauregia (ez orain ikus daitekeen bezala, erdian dagoen eraikina soilik), Torre Luzea, Torre Motza, Doktoreko etxea, Makatza deitutakoa… Eraikin horiek ziren Zarauzko hirigunea osatzen zutenak. Pelaio Deunaren ermita, ordea, urruti zegoen haietatik, herrigunetik kanpo eraikia, Iñurritza ibaiaren bokalean, hareatza aldean, itsasoaren aurrean.

Belaunaldiz belaunaldi zabaltzen diren kontuak ez dira beti fidagarriak izaten, baina askotan entzun izan dut gaur egun golfeko hirugarren green-a dagoen lursailetan zegoela; eta duela gutxi entzun dut zerbaiten arrastoa susmatu dutela han. Niretzat pozgarria litzateke niretzat baieztatuko balute, baina ez dakit, antzinako arrastoek eta antzinako esamesek ez omen dute ezertarako balio…

Inork ez omen daki noiz eraiki zuten nire aurrekoa den baseliza hori. Izan bazela badakigu, ordea. Zarauzko Pelaio Deunaren ermitaren aipamena egiten duten dokumentuen artean Joan Sebastian Elkanok bere Nao Victoria-n 1526ko uztailaren 26an idatzitako testamentuan ageri da, han esaten baita Pelaio Deunaren ermitari dukat bat eskaintzen ziola; beraz, nahiko normala da pentsatzea baseliza data hori baino lehen eraikia zela, baina aurreko daturik ez dugu.

Askotan entzun dut Pelaio Deunaren egunean, ekainaren 26an, hainbat ekitaldi egiten zituztela, bezperatik hasita. Horri buruz XVII. mendetik aurrera idatzi batzuk badaude. Zer kontatzen da horietan? Herriko kaskotik Mandabidea hartuta ermitara abiatzen zirela herritarrak, kontzejuko kideak, prozesioan; ermitan bezperak, mezak, otoitzak egin, santuaren aurrean zaindaritzaren promesa berritu, eta gero… erromeria, noski: eramandako jaki eta edariekin bazkaldu, jai giroan kantuak, dantzak, jokoak, zezenak… Eta ilundu baino lehen kaskora itzuli, Andre Maria parrokian ospakizunen bat edo beste eta, markatutako ordura arte, jaiarekin jarraitzen omen zuten. Eta festa horietan, jakina… gizakiak dauden leku guztietan gertatzen diren kontuak… Jaiak bete-betean ospatu, bai, baina baita arazoak eta liskarrak sortu ere, ezin adostasunean jardun… Gizakien betiko patua…

Ez dakit ziur, baina entzun dudanez, nire aurreko ermita zahar hori XVIII. mendeko azken laurdenean oso egoera kaxkarrean zegoelako, enbaten ondorioz, beste behin ere, baselizako kanpaiak, imajinak eta erlikia Andre Mariaren parrokiara eraman omen zituzten. Momentu horretatik aurrera ermita ez zuten berriro erabili eta bertan egiten ziren jaiak, ospakizunak eta abar, bertan behera geratu ziren. Festa horiek Andre Mariaren elizan eta herriko kaskoan bakarrik bertan ospatu ohi ziren. Pelaio Deunak Zarauzko patroia izaten jarraitu zuen, baina ekitaldi batzuk egin gabe: prozesiorik ez, erromeriarik ez, udal kontzejuko ordezkariek zaindaritzaren promesa berritu gabe… Ermita abandonatua geratu zen.

75 bat urte gerora, ermitak utzitako hutsunearen sentimendua geroz eta handiagoa zela eta, zarauztarren artean baselizaren falta ageriagoan geratu omen zen. Bazen, beraz, zerbait egiteko momentua. Noren, nortzuen bultzadaz? Ez dut inoiz ezer entzun. Udal batzarrak hartu zuen zerbait plantatzeko ardura. Ideia desberdinak sortuko zirela imajinatzen dut: ermita berreraiki edo berri bat egin? Lehengo leku berean? Leku berri batean? Non? Hori egiteko behar zen dirua, nondik? Eta, ohiturari jarraituz, auzolan moduan eskulana egiteko inor prest ote zegoen? Horren guztiaren inguruan ez da ezer idatzirik jaso, baina erabakia hartu zutela garbi dago, eta ni naiz horren lekukoa.

1844ko irailaren 15ean, Zarauzko Herri Batzarrean, Juan Jose Belaunzaran alkate izanik, Pelaio Deunaren ermita eraikitzeko lursail batzuk eskuratzea erabaki zuten, trukaketa baten bidez. Sosostinene etxeko nagusi zen Ignacio Antonio de Amilibiak bere etxearen iparraldean zuen lursail bat udalari entregatu zion, eta herriarena zen beste terreno bat trukean emango zitzaion (lursailen trukaketa 1853an onartu zen). Lursail hori antzinako Pelaio Deunaren ermitatik nahiko gertu zegoen, baina itsasoko enbatetatik urrutiratua eta babestua. Hori bai, lehendabiziko eraikinarekin gertatzen zen bezala, kaskotik urruti. Adostu eta… martxan jarri ziren. Eta urte batzuk pasatu eta gero, amaitu zuten eraikitzea. Eta, hemen naiz.

Ni eraikitzeko erabakia hartu zuten garaian, esanguratsua izan zen beste pertsona baten aipamena entzun nuen (gaur egun ia ez dut horri buruz ezer entzuten): Pascual Madoz politikari nafarrarena. Zarautzen egonaldi luzeak egiten zituen. Hainbat elkarrizketetan Zarauzko lehendabiziko turista izan zela entzun dut. Kaskoan eta hareatzaren parean, lursail bat erosi eta etxe bat eraiki zuen. Herriz herri ibiltzen omen zen herri bakoitzeko informazio zehatza biltzen, eta jasotako guztiarekin liburu bat idatzi zuen. Ni sortzeko eman zituzten pausoen lekuko zuzena izan zen, eta bere liburuan pauso horietariko batzuk jaso zituen. Zarauzko Herri Batzarreko kideekin harreman zuzenak eta onak zituen, baita Juan Jose Belaunzaran Etxanike arkitektoa eta Ignacio Iburuzketa kontratistarekin ere. Zarauzko bere etxearen diseinua Juan Jose Belaunzarenek egin zuen eta Ignacio Iburuzketak obraren kargua hartu zuen.

1844ean Belaunzaran arkitektoari Herri Batzarrak planoak eta aurrekontuak egiteko enkargua eman zion. Bai, bai, ondo ulertu duzue: momentu horretan Zarauzko alkatea eta arkitektoa pertsona bera zen. Iruñeko gotzaiari informazioa bidali zioten eta baseliza eraikitzeko baimena eskatu zioten. Onarpena ailegatu bezain pronto ni eraikitzeko pausoak eman zituzten. Ermita zaharreko eta haren ondoko seroraren etxeko material batzuk ekarri zituzten: harriak, habeak, hesolak… nire eraikuntzan berrerabiltzeko. Zer ohorea niretzat antzinako ermitaren materialak nire baitan erabiltzea, eta ermita zaharraren lekukoa eta jarraipena izatea!

1846an Herri Batzarrak ermita eraikitzeko patronatu bat eratu zuen. 1848ko urtarrilaren 11n dirua Patronatuaren esku jarri zuten eta Juan Jose Belaunzaran jaunak egindako planoaz baliaturik proiektua martxan jarri zuten. Bai, bai, ni eraikitzeko ideia martxan jarri zutenetik hasi arte lau urte luze pasa ziren.

1850an obra egiteko dirua agortu samar zegoenez, eta egin behar zituzten lanekin jarraitzeko nahiko dirurik ez zegoelako, lanak bertan behera gertatu ziren. Beraz, amaitu gabe geratu nintzen.

Ai, zer poza nirea, 1850eko ekainaren 19an Narrosko markesak ni bukatzeko behar zen dirua jarriko zuela jakin nuenean. Esan eta egin. Obrak berriro martxan jarri eta lehen esan dizuedan moduan, handik urtebetera edo, 1851eko abuztuaren 31ean, Zarauzko kontzejuak, Juan Jose Oliden alkate zuela, nire ateetako giltzak Jacinta Iruretatoienari emateko erabakia hartu zuen.

Hala ere, nire bedeinkapena eta inaugurazioa 1851eko ekainaren 24ean, San Juan egunean, izan omen zela duela oso gutxi entzun dut. Nire mendeurrena ospatzeko (1851-1951) egin zituzten jaietan, idazle batek, euskaraz eta gaztelaniaz, horrela idatzia utzi zuen. Ez dut idazlearen izena zein den gogoratzen. Ahaleginak egingo ditut.

75en bat urte pasa ondoren, herriak galdu zuen Pelaio Donearen baseliza berriro zutik zegoen. Galdutako ohitura zahar guztiak ez dira, beti, behin betikoz galtzen.

Honaino nire lehen idatzia. Memoria egiten jarraituko dut, eta dudarik ez izan, laster berriro idazten jarriko naiz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide