Zarauzko Udalak animalien ongizateari eta bizikidetzari buruzko ordenantza berria egin nahi du, eta horretarako prozesu parte hartzailea abiatuko du. Horretarako, gaiaz hitz egiteko lehen bilera irekia deitu dute: astelehenean izango da, 18:00etan, Etxezabala aretoan.
Udalak araudi berria indarrean dauden legedi nagusietara egokitu nahi du, baina prozesua herritarrekin eta eragileekin "elkarlanean" egin nahi du. Udalak argitu du deialdia zarauztar guztiei zuzenduta dagoela, "eta bereziki animalien babesean diharduten elkarteetako ordezkariei, alderdi politikoei eta katu-kolonietako zaintzaileei".
Think in Green Global enpresa arduratuko da asteleheneko jardunaldia zuzentzeaz, eta Sergio Torres espainiar gobernuko Animalien Ongizateko zuzendari nagusi ohiak gidatuko du saioa. Udalak dio Torresen esperientziak "prozesuaren bidea erraztuko" duela.
Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Animalien Ongizaterako zinegotziak dei egin die animalien ongizatearen alde egunero borrokatzen duten kolektiboei eta norbanakoei: "Zuen oharrak eta esperientzia funtsezkoak dira herriko beharrak eta erronkak zuzen identifikatzeko". Horregatik, astelehenean hasi asmo duten prozesuan "aktiboki parte hartzera" gonbidatu ditu zinegotziak, "denon artean harro sentitzeko moduko araudi bat eraikitzeko".