Auto klasikoen Azpeitia Hiria rallyaren 23. edizioa ospatu dute gaur, eta 75 bikotek hartu dute parte. Hainbat herritatik pasa ondoren, Zarauzko Malekoira iritsi dira 18:15 aldera, Damako zabalgunera. Rallyek ikusmin handia sortu dute herritarren artean. Hurbildu diren zarauztarretako batzuk, autoak iritsi baino lehen bertan zeuden zain, beste batzuk, berriz, pixkanaka joan dira gerturatzen.
Partaide gehienak gipuzkoarrak izan arren, Arabako, Bizkaiko eta Asturiasko partaideak ere izan dira. Rallyan atera diren auto zaharrenak 1970eko Joxean Aranetaren Porsche 911T, Jagoba Agirreren Renault Alpine A110 autoa, Josu Aranetaren 1972. urteko Porsche 911a eta Alberto Lasaren 1973ko Peugeot 304S autoa izan dira.