Zabalik dago Salbideko II. Kronoeskalada Herrikoiko izen-ematea

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 20a

Iazko Salbideko I. Kronoeskalada Herrikoia. (Intza Trula)

Parte-hartzaileek txapelketaren bezperako 20:00ak baino lehen eman beharko dute izena, eta aurten, hirukoteka lehiatzeko aukera ere izango da.

Irailaren 12an, larunbatarekin, jokatuko dute Salbideko II. Kronoeskalada Herrikoia, 10:30ean hasita, eta izen-ematea zabalik dago. Parte hartu nahi dutenek txapelketaren bezperako 20:00ak baino lehen eman beharko dute izena.

Aurtengo edizioa berrikuntza batekin dator: hiru pertsonako taldeetan parte hartzeko aukera izango da. Bigarren edizio honetan, lehen emakumezkoak eta lehen gizonezkoak saria jasoko dute, baita hirukoterik azkarrenak eta parte-hartzailerik originalenak ere.

Kronoeskalada Salbideko parkean hasiko da, eta Elkano auzoko bidegurutzeraino iritsiko da, San Blaseko maldan gora. Guztira, ia hiru kilometroko ibilbidea osatuko dute, 225 metroko desnibelarekin eta %8ko batez besteko maldarekin.

Izen-ematea

Parte hartu nahi dutenek esteka honetan eman beharko dute izena, 10 euro ordainduta. Horrez gain, edaria eta pintxo bana jasoko dituzte, eta hainbat babeslek eskainitako produktuen zozketan parte hartuko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide