Zabalik dago V. Bikote Mistoen Triatloi Herrikoian izena emateko epea

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 20a

Bi lagun korrika, iazko proban. (Oier Arregi)

Izen emateko epea abuztuaren 24ko 08:00etan bukatuko da. Parte-hartzaileek 350 metro igerian, zazpi kilometro bizikletan eta 1,7 kilometro korrika egin beharko dituzte.

Irailaren 20an V. Bikote Mistoen Triatloi Herrikoiaz gozatzeko aukera izango dute ehunka lagunek, Nik Tri triatloi elkartearen ekimenez, eta probarako izena emateko epea zabalik dago jada. Parte hartu nahi dutenek abuztuaren 24ko 08:00etara arte izango dute izena emateko aukera, honako esteka honetan

Izenak dioen bezalaxe, bikoteak mistoak izan beharko dira, eta 350 metro igerian, zazpi kilometro bizikletan eta 1,7 kilometro korrika egin beharko dituzte. Izen emateko ez da beharrezkoa federatuta egotea, eta parte-hartzaile bakoitzaren denbora txip bidez neurtuko dute.

Ibilbidea, zehaztuta

Zarauzko moilaren muturretik emango diote hasiera triatloiari, Ama Birjinaren irudiaren ondotik, eta 200 metrora dagoen buia eskuinean utzi eta hodartzarantz joango dira partaideak. Boxetan bizikleta hartu, Bañeru kaleko aldapa igo eta Getariarantz joango dira. Gero, Iturritxikin buelta eman ondoren, N-634 errepidetik itzuliko dira boxetara, San Frantzisko kaleko aldapa jaitsiz. Triatloia amaitzeko, boxetatik Malekoiko bigarren pergolaraino joango dira, eta han kono bati bira eman eta helmugara itzuliko dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide