Ane Campos eta Karmele Martinez nagusitu dira Emakumeen Pala Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 17a

25-15 irabazi zuten atzo arratsaldean Frontoi Txikin, Marene Aranbarrik eta Lide Mendizabalek osatutako bikoaren aurka. Hirugarren postua, berriz, Saioa Larrañagak eta Maialen Manterolak eskuratu zuten.

Azken bi astetako dinamikari behar bezalako amaiera emateko, Emakumezkoen XVIII. Pala Txapelketako finalak jokatu zituzten atzo arratsaldean Frontoi Txikin. Ikusmin handia piztu du beste urte batez kirol ekitaldiak, eta atzoko jaialdira ere jende ugari bertaratu zen, finalisten jokoaz gozatzera zein animatzera.

Erakustaldi ederra eskaini ondoren, Ane Campos eta Karmele Martinez izan ziren txapeldun; Marene Aranbarri eta Lide Mendizabal aurkariei 25-15eko emaitzarekin irabazi zieten. Finaleko partidaren aurretik, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko norgehiagoka jokatuko zuten. Kontsolazioko final hori Saioa Larrañagak eta Maialen Manterolak irabazi zuten 25-21koarekin, Alaitz Seoaneren eta Leire Paredesen aurka.

Jardunaldi amaieran sariak banatu zituzten, eta ekitaldian Zarauzko Udaleko kirol zinegotzi Inaxio Illarramendik hartu zuen parte, ZKE Pilota ataleko arduradunekin batera.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide