"Ia hogei urte badira Kaiolatik Fest ospatzen hasi ginela Putzuzulo gaztetxean, eta hondartzan egiteko ideia bururatu zitzaidanetik hamar urte pasatu dira", gogora ekarri du jaialdiaren sortzaile eta arima den Jon Peñagarikano Elektropeña-k. "Kaiola bila aritu ginen aldi hartan, eta Borghetton, Argiñano aurreko pergola toki aproposa iruditu zitzagun, bai duen itxuragatik, bai inguruagatik. Horrelaxe hasi ginen, probatzen, eta jada hamarkada bat igaro da", gaineratu du. Bihar, 18:00etatik 23:00etara, urteurreneko pintxada egingo dute, eta "betiko esentziari eutsiz", ohiko bi lagunak ariko dira disko jartzaile lanetan: Ruben Gonzalez Rubio eta Elektropeña bera.
Zerbait berezia egite aldera, elastikoak atera dituzte aurten: Maider Leturiaga ilustratzaile zarauztarrak egin ohi die urtero karteleko irudia, eta hura arduratu da elastikoaren diseinuaz; ondoren, Kale o Bale serigrafiak ekoitzi ditu kamisetak, eskuz. "Aurre eskaera zabaldu genuen, eta erantzun oso ona izan dugu, 80 eskarirekin. Orduan, bihar enkarguzko kamisetak izango dira salgai izango diren gehienak, baina beste 50 bat eramango ditugu, erosi nahi duenarentzat".
Ideia gehiago ere badituzte urtemugarekin lotuta, urtean zehar egin nahiko lituzketenak. Adibidez, disko jartzaile ezberdinei saioak egin ditzaten eskatu eta horiek sarean zintzilikatzen joatea, jendeak entzuteko aukera izan dezan.
"Leiho bat zabaldu"
Arraio Irratiak 20 urte bete ditu aurten, eta badirudi Kaiolatik jaialdiaren ospakizuna ere hari eskua emanda doala. "Antzeko bidea egin dugu. Putzuzulo gaztetxearen jaiotzarekin sortu ziren gureak bezalako proiektu ugari. Arraioren parte izan naiz ni urte askoan, Kaiolatik irratsaio bezala jaio baitzen, nahiz eta belaunaldi gazteagoek hondartzako jaialdia bakarrik ezagutu", aditzera eman du Elektropeñak. Arraio eratu eta urtebetera abiatu zuen Kaiolatik irratsaioa, Xanti Iregi Xanpo-rekin batera, biek partekatzen zutelako musika elektronikoarekiko interesa.
"Sasoi hartan bukatzen hasi zen diskoteketako aroa, eta Zarautzen, Morgan eta Dada bezalako tabernek elektronika esperimentalago baten aldeko apustua egin zuten. Inguru horretan, musika adar ezberdin pila bat ezagutu genituen, eta niretzat zein jende askorentzat ate berri bat izan zen. Beraz, leiho bat zabaldu, eta ostiralero irratsaioa egitea erabaki genuen", kontatu du Elektropeñak. Saioak ibilbide luzea egin zuen, hamabost denboraldi inguru, eta pixkanaka, Kaiolatik Fest antolatzen hasi ziren urtean behin gaztetxean, gero hondartzan jarraitzeko.
Bolada hartan ez zen horren ohikoa musika elektronikoa entzutea gaztetxeetan, eta, zentzu horretan, ikuspegi berri bat zabaldu zuten. "Hori izan da prozesu honetan bizi izan dudan gauzarik politena: musika elektronikoaren normalizazioa edo jendarteratzea. Izan ere, estigma handiak zeuzkan garai hartan, eta guk, beti gaztetxeko eta herri mugimenduko parte izanda, geure buruari esaten genion: zergatik ez? Zergatik konnotazio hura edo bestea eman? Gainera, herrialde batzuetan underground esparruko zerbait izan da; Chicagon (AEB), house kultura sortu zenean, sexu askapenarekin lotura zuzena izan zuen. Euskal Herrian, ordea, alderantzizko bidea egin du: arrotzetik joan da herrian barneratzen".
Kaiolatik jaialdiak ereindako haziak izan du jarraipenik, eta ondorengo belaunaldien eskutik, zenbait kolektibo sortu direla ere aipatu du antolatzaileak: Bermudatik, Lege Berria eta Spectrum, esaterako.
"Egun batez gure"
Musika elektronikorik gabeko festa, jaialdi edo ekitaldirik ez dago gaur egun. Nonahi topatu daitezke disko jartzaileak giroa erritmo dantzagarriz alaitzen. Baina zerk egiten du berezi Kaiolatik jaialdia? "Izaera herrikoia du. Oro har, jaialdi elektronikoak publizitate egitura handikoak izan ohi dira, eta gurea, aldiz, txikia eta herrikoa da. Gainera, malekoia hartze hori ere oso polita izaten da. Uda partean, kanpotarrentzat izan ohi da gehiago malekoia, eta guretzat nahiko sinbolikoa da jaialdiarekin egun batez gure egitea. Nik uste dut jendearentzat baduela xarma alde horretatik ere", aditzera eman du Elektropeñak.
Hasierako urteetan 50 lagun elkartzen ziren jaialdian, eta iaz 500 izan ziren. "Jendeak jada urteko egutegian markatuta dauka hitzordu hau, eta horrek poza ematen du". Edonola ere, antolatzaileak gogorarazi nahi dio jendeari naturgune batean egiten dela jaialdia eta ingurua zaintzea guztien ardura dela. Hori horrela, iaz baino edukiontzi gehiago jarriko dituzte aurten.
Bestalde, pauso bat haratago ere eman dute antolatzaileek, eta jaialdia jada ez da udako ekitaldia bakarrik, azken bi urteetan Kaiolatik Winter Series antolatu baitute abenduan. "Oso esperientzia politak izan dira, eta jendeak oso ongi erantzun du. Hotz dezente egin izan du, baina jendea animatu da Frontoi Txikira. Herri barruan nahikoa danbada ateratzen dugu, eta hori pentsaezina zen duela hamabost urte", dio Elektropeñak.