Auto klasikoen Azpeitia Hiria rallyak geldialdia egingo du larunbatean

Julene Frantzesena 2026ko uztailaren 16a

Ibilgailu klasikoen rallya malekoian. (Guka)

Maykel del Ciden omenezko rallyaren 23. edizioa izango da larunbatekoa, eta partaideek 230 kilometro egingo dituzte Gipuzkoako errepideetan barrena. 18:15 aldera, etenaldia egingo dute malekoian, Damako zabalgunean. 

Auto klasikoen Azpeitia Hiria rallyaren 23. edizioa izango da larunbatean, uztailaren 18an, eta 75 bikotek parte hartuko dute Gipuzkoako errepideetan barrena gauzatuko duten hitzorduan. Maykel del Ciden omenezko rallya 11:00etan hasiko da, eta partaideek 230 kilometroko ibilbidea osatuko dute 25 urtetik gorako ibilgailuekin.

11:00etan banan-banan aterako dira autoak plazatik, eta Bidania-Goiatz, Orendain, Mandubia, Gabiria, Mutiloa, Abaltzisketa, Aia, Zarautz, Meaga eta Azpeitia zeharkatuko dituzte. Tartean, hiru geldialdi egingo dituzte: 12:00etan, Beasaingo Salbatore jatetxean, hogei minutuz atseden hartzeko; 14:00etan, Legazpiko Aitxuri jatetxean, bazkaritarako; eta arratsaldean, 18:15 aldera, Zarauzko malekoian, Damarko zabalgunean. 20:00 aldean iritsiko dira lehen partaideak Azpeitiko epaitegiaren aurreko plazara, eta 21:00etan egingo dute sari banaketa ekitaldia. Gero, Lau Bide jatetxean egingo dute afaria. 

Partaide gehienak, gipuzkoarrak

Rallyrako 75 bikotek eman dute izena, eta horietatik gehienak gipuzkoarrak izango dira. Dena den, hitzordua antolatzeaz arduratzen den Lagun Artea eskuderiak zehaztu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Asturiasko partaideak ere izango dira. 

Rallyan aterako dituzten autoetan zaharrenak zein diren ere zehaztu dute: 1970eko Joxean Aranetaren Porsche 911T nahiz Jagoba Agirreren Renault Alpine A110 autoak nahiz Josu Aranetaren 1972. urteko Porsche 911a eta Alberto Lasaren 1973ko Peugeot 304S autoa.

Auto klasikoen rallyaren ezaugarri nagusia da trafikoarentzat zabalik diren errepideetan barrena gauzatzen dela, eta beraz, edozein ustekabek eragin dezakeela denbora galtzea. Antolatzaileek, dena den, partaideei ahal den neurrian bidea errazteko deia egin diete ikusleei. Rallyko denborak honako webgune honetan jarraitu ahal izango dira zapatuan bertan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide