Getariako bizilagun Uxue Alberdi (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) bertsolariak eta idazleak irabazi du 42. Basarri bertsopaper lehiaketa, Autoan izeneko bertso sortari esker. Uxue Alkortak, Nahikari Gabilondok eta Andoni Egañak osatutako epaimahaiak aho batez erabaki du Alberdiren lana saritzea, gaia lantzeko modua berezia eta originala dela baloratu ondoren. Lizardi sarien finalean jasoko du saria, irailaren 4an, Zarauzko Euskal Astean.
Zein da bertso sorta hauen istorioa? Berariaz lehiaketarako sortu al zenituen?
Hogei bat urte izango dira ez nintzela bertsopaper lehiaketa batera aurkezten. Gaztetxotan dezentetan aurkezten nintzen, baina ondoren idatzi ditudan bertsoak liburu bilakatu dira edo jende aurrean abesteko izan dira. Kasu honetan, izan da urtarriletik hona Nerea Ibarzabalekin elkartzen aritu naizelako, berak txapelketa nagusia prestatzeko eta nik herdoila kentzeko. Plazarako-eta komeni izaten da sasoiko egotea, eta horretarako, haien entrenamenduak aprobetxatzen ditut. Txapelketarako entrenamendu klasikoak izaten da ariketak erreproduzitzea, eta Nereak proposatu zidan bestelako bertso eskola bat egitea; tartean, elkarri hitz bat ematen genion hurrengo asterako bertso sorta bat idazteko. Orduan, bertso sorta mordoska bat idatzi dugu, eta horietako bat da hau.
Eta ariketan proposatutako hitzetako bat autoa izan zen.
Nereak autoa hitza eman zidan, eta hasieran, egia esan, nekeza egin zitzaidan. Baina, halako batean, hasi nintzen pentsatzen kotxeari lotuta memoria asko dauzkagula, bai nik, baita jende gehienak ere: gurasoen kotxea, bikotekideen edo maitaleen kotxeak, norberaren lehenengo kotxea, gu existitu aurretik gure gurasoek aipatzen zituzten beste kotxe batzuk... Memoria horiei tiraka osatutako bertso sorta da Autoan, eta hori da sortaren istorioa.
Izatez, Nerea eta bion arteko ariketa bat zen, eta beste bertso sorta mordo bat kaxoian daude. Baina, kasu honetan, asko gustatu zitzaidan nola geratu zitzaidan. Ipuin bat ematen du bertsotan kontatuta, istorio bat kontatzen duelako. Hain justu, une horretan Basarri sariaren deialdia atera zen, eta aurkeztea erabaki nuen. Orain saria lortuta, bada, oso gustura nago.
"Gaia lantzeko modu berezia eta originala iruditu zaigu". Halaxe baloratu du epaimahaiak zure lana. Horrek ere izango zuen zerikusia zure sortaren alde ebazterakoan, ezta?
Ez dakit zer-nolako bertso sortak aurkeztu diren. Nik dakidana da sormena, bertso formatuan edo beste edozein formatutan, bizitza irudikatzeko edo kontatzeko bide bat dela. Azkenean, hori zen Nereak eta biok egiten genuen ariketaren asmoa: hitz arrunt bat elkarri eman eta nola lortzen duzun, hitz hori zure eginez, motibatzen nahiz bibratuarazten zaituen istorio batera eramatea. Askotan, gaiak ez du ezer esaten, baizik eta gaia jorratzeko moduak. Adibidez, autoari buruz mila modutan idatz dezakezu, berdin sudurrari buruz, itsasoari buruz edo beste kontzeptu bati buruz. Ariketa horretan oinarritu da: hitz bakoitzaren inguruan zer kontatu, alegia. Esaterako, kolore horiari buruz gure amari hamabi kopla idatzi nizkion, kolore horrek amarengana eramaten ninduelako. Nolabait ere, nola egin, zure bihotzetik, ukituko duen zerbait bihurtzea denona den hitz hori, eta nola eraman zure ahotsera. Inork ez dio berdin begiratzen munduari, eta sortzailearen lana da bere begiradatik pasatzea errealitatea.
Basarri sariko sortan saiatu naiz, autoa esan, eta hitz horrek nora eramaten nauen aztertzen: zer kotxetara eta kotxe bakoitzak zer garaitara, zer iruditara, zer paisaiatara, zer entzuten zen irratian, zer zegoen leihoaz bestalde, nortzuk geunden kotxe horretan, zein zen giroa eta abar. Hori guztia kontatzen ahalegindu naiz bertso sorta honetan. Ni jaio aurreko autoetatik hasi eta etorkizuneko auto bateraino egiten dut bidaia; bertso sortan aipatzen ditudan kotxe guztiak errealak dira, azkena izan ezik.
Ariketa dezente dituzu gordeta. Pentsatu al duzu liburu batean argitaratzea? Ala beste sariketa batean aurkezteko asmoa duzu?
Ez dut uste. Zorionez, gustuko dudan jardunetik bizi naiz, idaztetik eta bertsolaritzatik, eta idaztea eta bertsotan aritzea ez da bakarrik argitaratzen dena edo plazan egiten dena. Gu etengabe ari gara ariketak egiten, baita gauzak probatzen ere. Beraz, horietako ariketa batzuk norberarentzat geratzen dira, eta beste batzuk forma aldatuta publikatu daitezke, baina inoiz ez dakizu. Ariketa horiek sormena probokatzeko egiten ditugu, elkar xaxatzeko eta ikusteko hortik zer ateratzen den. Gero, ateratzen den horrek ez dauka beti erabilera produktibo bat. Batzutan, amarentzako koplak dira; horiek grabatu egin nituen eta berari bidali nizkion. Gustatu zaizkidan beste batzuk ere grabatu ditut eta lagunei bidali dizkiet. Nolanahi ere, ez dut uste ariketa horiek argitaratuko direnik.
Basarri saria irabazi duen laugarren emakumea zara. Datu esanguratsua da, ezta?
Emakumeok betidanik idatzi izan dugu, betidanik izan dugu komunikatzeko premia, eta testuinguruak eramaten gaitu eramaten gaituen tokietara. Laugarren emakumea naizela esan dute, baina duela urte batzuk Aner Peritzek ere irabazi zuen, eta ez dut uste bere burua gizontzat daukanik. Kopuruari eta parekidetasunari arreta jarri behar zaie eta inportanteak dira. Hori gai nabarmena zen duela 20 urte, baina gaur egun sakonago jo behar dugula iruditzen zait; alegia, zer kontatzen duen bakoitzak, nondik kontatzen duen, zer konta dezakeen, zer konta daitekeen gorputz eta posizio bakoitzetik, zer gairi heltzen dion bakoitzak eta nola, bakoitzaren posiziotik errealitatea deitzen dugun anabasa horretan zer ikus daitekeen eta zer ez, norekin dialogatzen duten gure istorioek...
Nik hogei urte daramatzat plazan, literaturatik eta bertsolaritzatik bizitzen, eta gero eta gehiago dira ni bezala ari diren emakumeak. Baina horrek ez du esan nahi berdintasuna lortu denik. Oraindik ere plaza publikoa gizonezko hegemoniko ez diren guztientzako biolentoa eta murriztailea da. Borroka horretan ari gara denok, baina zorionez, badugu gorputz kolektibo bat elkarrekin sortzeko eta proposatzeko aukera ematen diguna. Ni gaztea nintzenean hori ez zen existitzen, ez zegoen bertso eskola femeninorik edo parekiderik. Normalean, salbuespena izaten ginen gizonen talde batean, banaka batzuk. Zorionez, beste egoera batean gaude egun.