Erreportajeak

Aurten, inoiz baino lehenago

Usua Garin eta Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 14a

Aurtengo udan, inoiz baino lehenago iritsi dira karabela portugesak gure hondartzetara. Itsas animalia hauen ziztadak izan ditzakeen ondorio larriak kontutan hartuta, hainbat alditan debekatu behar izan dute bainua sorosleek. Getariako Malkorbe hondartzako Gurutze Gorriko sorosleen esanetan, "arreta handiz" ibili behar da, "uretan begi bistaz erraz ikus baitaitezke karabela portugesak".

Euskalmeten arabera, ekaina "izugarri beroa" izan da, eta inoizko bero bolada "luzeena" erregistratu zen aurreko hilean. Hori dela eta, azken asteetan, hondartzetan igaro dute denborarik gehiena herritarrek, eta beroari aurre egiteko uraren freskotasuna bilatu dute. Hala ere, eragozpen batekin aurkitu dira: karabela portugesak. Urtero iristen dira itsas animalia horiek eskualdeko kostaldeko hondartzetara, baina aurten inoiz baino lehenago iritsi dira. Getariako Malkorbe hondartzako Gurutze Gorriko sorosleak dira Jon Landa (Azpeitia, 2006) eta Beltzane Aizpuru (Azpeitia, 2005), eta adierazi dutenez, itsasoko ura "geroz eta epelago" dagoelako heldu dira aurten marmokak eta karabela portugesak hain goiz bailarako hondartzetara.

Ez da "ohikoa" urak azken aste hauetan izan duen tenperatura. 20 edo 21 graduko tenperatura izatea da normalena, baina jada 23-25 gradu ingurura iritsi da. Pasa den astean, Getariako Malkorbe hondartzako ura 24 gradutan egon zen, eta Euskalmeten arabera, "oso arraroa" da hori. "Klima aldaketa eta azken asteetako beroaldia tarteko, itsasoko ura inoiz baino epelago dago azkenaldian. Horregatik etorri dira marmokak eta karabela portugesak inoiz baino lehenago, ura ere inoiz baino epelago dagoelako", adierazi du Landak.

"Ura inoiz baino epelago dagoelako etorri dira karabelak hain goiz"

Aizpuruk nabarmendu duenez, "orokorrean", karabela portugesak dira eskualdeko hondartzetara iritsi direnak. "Karabela portugesak, berez, ez dira marmokak, baina berdin-berdin ziztatzen dute. Hasiera batean agertu ziren marmoka txiki batzuk, baina ez ziren batere arriskutsuak. Beraz, gaur-gaurkoz, karabela portugesak dira gure hondartzetan benetan kontuan hartu behar ditugunak". Animalia horien itxurari dagokionez, adierazi du "burbuilatxo batzuk" antzematen direla uretan. "Gardenak" dira, eta "nahiko txikiak". Aizpuruk esan duenez, batzuetan "more edo urdin kolorekoak" ere izan daitezke.

Karabela portugesen ziztadek "tentakulu formako zauri luzexkak" eragiten dituzte. "Pertsona bakoitzak desberdin erreakzionatzen du karabelen ziztaden aurrean, eta animaliaren tamainak ere eragina izan ohi du: karabela txikia bada, min txikiagoa eragin ohi du eta, handia bada, berriz, handiagoa", azaldu du Aizpuruk. Gauzak horrela, bainulari batek animalia horien ziztada jasoz gero, bi sorosleek adierazi dute beraien lana bainularia Malkorbe hondartzako "Gurutze Gorriaren basera" eramatea dela. Behin basean, beraien lankideak arduratzen dira ziztada jaso duen pertsona artatzeaz.

Bainatzea, debekatuta

Itsas animalia horien etengabeko agerraldiak direla eta, Malkorbe hondartzan behin baino gehiagotan debekatu behar izan dute bainua jada. Halakoetan, protokolo argi eta zorrotz bat jarraitzen dute bertako sorosleek: "Bi bainularik halako animalien ziztada jasoz gero, bainua debekatzen dugu. Bestela, bat agertzen bada, bandera horia jartzen dugu, eta hamar agertzen badira ere, bi orduz debekatzen dugu bainua".

"Bakoitzak desberdin erreakzionatzen du ziztaden aurrean"

Bainulari "dezente" artatu dituzte jada, eta "egunaren arabera" lan gehiago edo gutxiago izan ohi dutela nabarmendu dute Landak eta Aizpuruk. "Bero handia egiten duen egunetan, jende asko etortzen denean edo asteburuetan, hiru edo lau ziztada artatzea tokatu ohi zaigu egunero", azaldu dute.

Hori horrela, bainularientzat zenbait aholku eman nahi izan dituzte Landak eta Aizpuruk. Lehenik eta behin, "une oro" sorosleen adierazpenak "jarraitzearen" garrantzia nabarmendu dute biek. Bestalde, marmoken agerraldiak direla eta, sorosleek bandera horia jarriz gero, uretan "arreta handiz" ibiltzea gomendatu dute, "uretan begi bistaz erraz ikus baitaitezke karabela portugesak".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide