Pilotalekua bertso plaza bihurtuta

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 11

Zarauzko Motxian-Etxebeltz eta Urretxu-Zumarragako bertso eskolako ordezkariek bertso pilota saioa jokatu zuten atzo Frontoi Txikin. Herritar mordoa bertaratu zen kirola eta kultura uztartu zituen hitzordua aurrez aurre jarraitzera. Gaur, berriz, tabernaz taberna egin ohi duten Txepelketarekin borobilduko dute Bertso Astea.

Bertso Astean murgilduta izan da herria azken hiru egunotan, Motxian-Etxebeltz bertsoguneak antolatzen duen egitasmoari esker. Aurtengoa berezia izan da, 30. edizioa ospatu baitute, eta urtero bezala, bertsozale orok gozatzeko ekintzak eskaini dituzte herriko hainbat puntutan.

Hain zuzen ere, Bertso Egunarekin borobilduko dute gaur, beste urte batez, Bertso Astea. Goiza gogotsu hasi dute bertsolariek Musika Plazan egindako hamaiketakoarekin, eta jada indarrak hartuta, Txepelketan lehiatzen ariko dira Alde Zaharrean eguerdi partera arte, tabernaz taberna. Ondoren, elkarrekin bazkalduko dute Urpekoak elkartean.

Ostegunean abiatu zen ofizialki Motxian-Etxebeltz bertsoguneak antolatutako egitaraua, Torre Luzean eskainitako bertso musikatuen emanaldiarekin, eta atzo ere izan zen bertsoak entzuteko aukerarik. Hain justu, bertso pilota saioa egin zuten Frontoi Txikin, eta herritar mordoa bertaratu zen kirola eta kultura uztartu zituen hitzordua aurrez aurre jarraitzera. Pilotan, Urretxu-Zumarragako bertso eskolako Uxue Fernandez eta Beñat Torres aritu ziren, Motxian-Etxebeltzeko Maddi Etxeberriaren eta Julen Zulaikaren aurka. Partida jokatzen zuten bitartean, epaile lanetan ibili ziren Urko Arakistain eta Aner Peritz, eta bertsoez baliatuz, jardunaldia komentatzen aritu zen bikotea, entzuleei barre algara eraginez. 

Iluntzean, berriz, bertso desapiyuaren txanda izan zen. Torre Luzeako parkera lekualdatu zuten saioa, eta Motxian-Etxebeltz ordezkatzen aritu ziren Adei Urbitarte, Hodei Iruretagoiena eta Urko Arakistain; Urretxu-Zumarragako bertso eskola Uxue Fernandezek, Beñat Torresek eta Antton Fernandezek ordezkatu zuten. Onintza Gartzia eta Manu Goiogana aritu ziren gai jartzaile lanetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide