Zarautzek inspiratutako lanak, Elena Arreseren eskutik

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 11

Elena Arrese, Torre Luzean erakutsitako lan batzuen aurrean. (Juan Luis Romatet)

Josturak: Paisaia eta Mugimendua Zarautzen izeneko bilduma erakutsiko du artista tolosarrak Torre Luzean. Irailaren 13ra bitartean bisitatu ahal izango da erakusketa.

Zarauzko herriak eta herritarrek inspiratu dizkioten lanez osatutako bilduma zabaldu du Elena Arrese artista tolosarrak Zarauzko Torre Luzea espazioan. Josturak: Paisaia eta Mugimendua Zarautzen izena jarri dio artistak bilduma honi, eta bertan tamaina, teknika eta material, eta inspirazio iturri anitzeko lanak bildu ditu. 

Pasa den astean zabaldu zuen Arresek erakusketa, eta bertan azaldu zuenaren arabera, Zarautz izan du inspirazio iturri lanak sortzerako orduan. "Paisaiak, kostaldea, itsas hondoa, bertako jendea, urdin kobalto kolorea... pixka bat material horrek guztiak erakarri nau", adierazi zuen artistak. "Torre Luzean nire lanak erakusteko aukera zabaldu zitzaidanean, benetako gogoa izan nuen Zarautzi buruzko bilduma egiteko", aitortu zuen Altzon bizi den artista tolosarrak.

Bere lanetan, paisaietan, eta bereziki itsasoa eta gune urbanoak irudikatu dituenean, herriko hainbat gune antzeman daitezke. Beste lan batzuetan, txikiagoetan, abstrakzioari ere lekua egin diola adierazi zuen artistak. "Figura antropomorfo gutxi batzuk ere ekarri ditut. Pixka bat abstraktoak dira, pertsonak iradokitzen dituztenak, beraien une intimoetan, edo Malekoitik pasieran dabiltzanean.  

Josturen lanketa

Zarautzen erakutsi dituen lanak Torre Luzea espazioan bi hilabetetan egongo den erakusketarako espresuki egindakoak badira ere, azken urteotan garatzen ari den Josturak proiektuaren parte direla ere adierazi zuen artistak. "Proiektu horren barruan, obretako materialak eta bestelakoak berreskuratu ditut eta bigarren bizitza bat eman diet", gaineratu zuen. 

Bere artelanak egiteko erabiltzen duen materiala aurrez landu egiten duela ere adierazi zuen. "Paperak, baztertutako marrazkiak, hondakinak... Horiei guztiei erliebeak ematen dizkiet, beti ere, eskuz". Material horiei gero margoak aplikatzen dizkiela ere esan zuen. "Oso gustukoa ditut esmalteak eta material metalikoak. Gero, tintak eta pigmentoak ere erabiltzen ditut. Urdina, adibidez; urdina Zarauzko oso berezkoa dela uste dut". Arreseren esanetan, "asko landutako margoak dira" bereak, "geruzaz heruza egindakoak". Bere esanetan, asko kostatzen zaio lanak bukatutzat ematea. Bilduma osatzek berak denbora asko eman diola ere onartu zuen margolariak. "Hemen erakusteko enkargua jaso nuenetik aritu naiz Zarautzerako bereziki sortutako lanak egiten".

Erorkizunera begira, Josturak proiektuarekin lanean jarraitzeko asmoa erakutsi du Arresek. Horrez gain, erakusketen agenda betea duela ere ondorioztatu daiteke bere hitzetan. "Udazkenean beste erakusketa garrantzitsu bat izango dut Donostiako Alde Zaharrean dagoen Koldo Mitxelenaren Santa Teresa espazioan. Gero, Andaluzian (Espainia) bakarkako erakusketa bat izango dut, eta gero Eskuahaldunak Euskal Eskultoreen elkarteak antolatutako erakusketa kolektibo batean ere parte hatrtuko dut. 

Elena Arreseren Josturak: Paisaia eta Mugimendua Zarautzen erakusketa irailaren 13ra arte bisitatu ahal izango da Torre Luzea espazioan. Asteartetik igandera bitartean izango da bilduma bisitagai, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide