Datorren asteburuan izango da Pagoeta mendizale elkartearen Pirinioetako irteera

Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 12a

Pagoeta Mendizale Elkartearen irteera bat. (Pagoeta Mendizale Elkartea)

Aurrez aurre izena emateko azken eguna pasa den osteguna izan bazen ere, oraindik elkartearen helbide elektronikora idatzita eman daiteke izena. Irteerako egun bakoitzean ibilbide desberdin bat egingo dute, lehen egunean 15 kilometro ingurukoa eta bigarrenean 10 kilometro ingurukoa.

Datorren asteburuan izango da Pagoeta mendizale elkarteak aurten Pirinioetara egingo duen bigarren irteera. Bi ibilbide egingo dituzte bertan, egun bakoitzean bat. Lehen eguneko ibilbidea Sallent de Gallego herrian (Espainia) hasiko dute. Behin Tebarray aintzirara iritsitakoan, bi aukera izango dituzte mendizaleek: batetik, Tebarray gailurrera igotzeko aukera izango dute eta, bestetik, aintzira inguratu eta Infiernoko lepora joatekoa. Bertatik, beherantz abiatuko dira, Casa de Piedra aterpetxera iritsi arte. Bertan amaituko dute 15 kilometro inguru eta 1.500 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea. Antolatzaileek jakinarazi dute luzera eta desnibelaz gain, lehen eguneko ibilbideak ez duela aparteko zailtasunik.

Casa de Piedra aterpetxean gaua igaro ondoren ekingo diote bigarren eguneko ibilbideari. Argualas ur-jauzirantz abiatuko dira mendizaleak. Behin Argualas lepora iritsita, bertan izango dute Garmo Negroko gailurra. Bertatik dauden paisaiez gozatu ondoren, beheranzko bidea hartuko dute, Panticosako bainuetxera iritsi arte. Bigarren eguneko ibilbideak 10 kilometro inguru eta 1.400 metroko desnibel positiboa izango ditu.

Irteeraren prezioei dagokienez, 25 urtera arteko bazkideek 55 euro ordaindu beharko dituzte, eta 25 urtetik gorakoek, berriz, 90 euro. Bazkide ez direnek, aldiz, 60 euro oraindu beharko dituzte 25 urte bete gabe badituzte eta, 100 euro, 25 urtetik gora badituzte. Honakoa sartzen da prezioaren barruan: joan-etorria autobusez Zarauztik, afaria, lotarako lekua eta gosaria. Ordainketa Kutxabanken 2095 5076 48 1065685215 kontu korronte zenbakian edo Laboral Kutxan 3035 0029 65 0290015562 kontu korronte zenbakian egin daiteke.

Pagoeta mendizale elkartean aurrez aurre izena emateko azken eguna pasa den osteguna izan bazen ere, oraindik pagoetame@gmail.com helbide elektronikora idatzita eman daiteke izena. Autobusa uztailaren 18an irtengo da, 06:00etan, Zarauzko Agoueseko biribilgunetik.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide