Gaur gauean hasiko da Zarauzko Bertso Astearen 30. edizioa. Urtero legez, Zarauzko Motxian-Etxebeltz bertsoguneak antolatu du, eta hiru egunez, jarduera eta ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izango dute bertsozaleek herriko hainbat gunetan.
Antolakuntza 30 urtez aritu da lanean, eta horregatik, nolabait, edizio berezia izango da aurtengoa. Emanaldiei dagokienez, ez dute ezer apartekorik prestatu baina, agian, bertso sorta bereziren bat entzuteko aukera izango dute saioetara bertaratzen direnek. Bertso Astea hainbeste urtez egitearen meritua egitasmoaren sortzaile izan zirenena da. Urte mordoa daramate horretan lanean, baina aldi berean, belaunaldi berrien erreleboa ere antzematen da. Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolariaren hitzetan, "gazte asko lanerako gogoz daude, eta aurrerantzean, akaso, aldaketak" izango dira. "Interesa duten gazteen ideiak hartzen eta martxan jartzen hasten garenean, Bertso Astea eta bertso eskola bera aldatzen joango dira", dio bertsolariak.
Urtetik urtera
Bertso Asteak ez du eboluzio handirik ezagutu urte hauetan guztietan, baina aldaketak izan ditu. Lehen aldietan, herritarren parte hartzea apalagoa zen eta gauzak desberdin egiten zituzten. Hasierako pare bat urtetan antzerki saioa egin zuten, eta ondoren, bertso saio musikatuarekin hasi ziren. Hain zuzen ere, bertso musikatuekin hasiko dute 30. aldia gaur, Torre Luzeako parkean, 22:00etan; euria egiten badu, berriz, Merkatu Plazara eramango dute emanaldia.
Lehen Txepelketa, berriz, 2008an egin zuten; eta ostiraletan, bertso pelota jokatzen hasi ziren. Bi jarduera horiek mantendu egin dituzte, eta bertso desapiyua jarraitzeko aukera ere izango da. Urretxu-Zumarragako bertso eskola eta Motxian-Etxebeltz lehiatuko dira, hain zuzen, bertso pelotan eta bertso desapiyuan.
Garai batean, astearte eta asteazkenetan hitzaldiak antolatzen zituzten: Xabier Amuriza, Jon Sarasua, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio izan ziren hizlarietako batzuk. Hitzaldiena "agian bueltan etorriko den zerbait" dela nabarmendu du Mantxik, izan ere, "gauza horiek ez dira modaz pasatzen". Bertsolariak azpimarratu du "gazteak ideia berriekin" etorri direla, eta "ohiturak aldatzeko" daudenez, gainontzekoek "gustura" hartu dutela "haize berria".
Motxian-Etxebeltz bertsoguneak antolatutako egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango da datozen bi egunetan ere. Bihar, 18:30ean hasita, bertso pilota saioa egingo dute Frontoi Txikin –euria egiten badu, Gaztelekura lekualdatuko dute–. Pilotan, Urretxu-Zumarragako bertso eskolako Uxue Fernandez eta Beñat Torres arituko dira Motxian-Etxebeltzeko Maddi Etxeberriaren eta Julen Zulaikaren aurka. Epaile lanetan Urko Arakistain eta Aner Peritz jardungo dira; eta botilero, Antton Fernandez eta Jakes Etxeberria.
22:00etan, bertso desapiyuaz gozatzeko aukera izango da Torre Luzeako parkean, Basarriren bustoaren aurrean –euria egiten badu, Merkatu Plazan–. Adei Urbitarte, Hodei Iruretagoiena eta Urko Arakistain arituko dira Motxian-Etxebeltz ordezkatzen; eta Urretxu-Zumarragako bertso eskola Uxue Fernandezek, Beñat Torresek eta Antton Fernandezek ordezkatuko dute. Onintza Gartzia eta Manu Goiogana arituko dira gai jartzen.
Amaitzeko, Bertso Eguna
Etzi, larunbata, Bertso Egunarekin itxiko dute aurtengo Bertso Astea. Eguna gogotsu eta indartsu hasteko, hamarretako ederra egingo dute Musika Plazan bertsolariek, 10:30ean hasita. Jarraian, urtero bezala, Txepelketaz gozatzeko aukera izango da Alde Zaharrean eguerdi partera arte, tabernaz taberna. Eta 30. Bertso Astea amaitzeko, bazkaria antolatu dute Urpekoak elkartean.